LGTB mugimendua

Homofobiaren aurkako zebra bide bat koloreztatu dute Errenterian

1979an Poliziak tiroz hildako Vicente Vadilo 'Francis' trabestiaren omenez koloreztatu dute, eta LGTB mugimenduan aitzindari izan zirenei esker ona adierazteko. Argazki bilduma, hemen.

Beñat Vidal -

2014ko uztailak 18

Errenteriako Iztieta auzoa eta herriaren erdialdea lotzen dituen zebra bidea margotu zuten atzo, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideak irudikatzen dituen banderaren koloreekin. Auzo hartan hil zuten, 1979ko ekainaren 10eko goizaldean, Vicente Vadillo Santamaria Francis trabestia; polizia batek hil zuen, tiroka. Hurrengo egunean, hilketa salatzeko batzar bat egin zuten herriko plazan, baita manifestazio bat ere herriko kaleetan, eta, han, zenbait gay eta lesbianak aurpegia eman zuten lehen aldiz jendaurrean.

Orain, 35 urte geroago, gogora ekarri nahi izan dute "herriaren memorian lekurik izan ez duen gertakari hori", "Francis zenari omenaldia egin eta hurrengo egunean kalera atera ziren aitzindari horiei esker ona adierazi nahian". Errenteriako Saretuz proiektuaren eta Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduaren (EHGAM) ekimenez eta Iztietako Gurekin auzo elkartearekin elkarlanean antolatu zuten atzoko ekitaldia.

Udalaren babesa izan dute, udalbatza osatzen duten talde politiko guztien adostasunarekin; hala ere, nahiago izan dute "auzotarrekin eta herritarrekin auzolanean egindako ekitaldia" izatea, eta ez "ekitaldi instituzionala"; hala adierazi du Imanol Miner errenteriarrak, EHGAMeko eta Saretuz-eko kideak. Izan ere, "auzolanean eginda, jendeak bere egiten du halako ekinaldi bat", Minerren iritziz.

Parte hartze askotarikoa

Neguko Olinpiar Jokoen harira Errusiako Gobernuak hartu zuen jarrera homofoboaren aurka, protesta asko eta mota askotakoak izan ziren mundu osoan; Errusiaren Londresko enbaxadaren aurrean, zebra bide bat ortzadarraren koloreez margotu zuten, eta horrek eman zien ideia Errenteriako ekinaldiaren sustatzaileei.

Gaueko hamar eta erdietan jarri zuten ordua Nafarroa hiribideko zebra bidean, eta jende ugari bildu zen: "oso jende askotarikoa", Minerrek esandakoaren arabera. Lehenik, afari-merienda egin zuten, eta elkarrekin joan ziren ekitaldia izan zen lekura. Han, oroigarri izango den seinalea edo plaka agerrarazi zuten Gipuzkoako LGTB mugimenduaren aitzindari izandakoek eta haien senideek. Izan ere, Minerrek azaldu duenez, "Bizkaian ordurako bazegoen mugimendu antolatu bat, eta Gipuzkoan lehen pausoak ematen ari ziren"; baina gertakari hark eraginda, piztu egin zen mugimendua, "batez ere Errenterian".

Gero, zebra bidea koloreztatu zuten, bertaratu ziren guztiek parte harturik; eta hitza hartu zuten antolatzaileek. Iztietako Gurekin auzo elkartearen izenean, Maite Gartziak hitz egin zuen; Saretuz-en izenean, Gorka Aspiazuk. Errenteriako alkate Julen Mendozak azpimarratu nahi izan zuen ideia horren inguruan izan den adostasuna, talde politikoen zein herritarren aldetik. Bukatzeko, EHGAMeko Mikel Martinek hartu zuen hitza, eta 35 urteotako ibilbideari gainbegiratu bat eman.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna