gatazka ekialde hurbilean

Ospitale bati eraso dio Gazan Israelek, eta lau lagun hil ditu

Gaur goizean, familia bereko bederatzi kide hil ditu; horien artean, zazpi haur. Arratsaldean beste etxe bat bonbardatu eta zortzi lagun hil ditu, horietatik lau adingabeak. Erasoaldia hasi zenetik gutxienez 520 palestinar hil dira. Atzokoa izan zen egun odoltsuena: Israelek 140 palestinar hil zituen.

Zaurituak

Berria -

2014ko uztailak 21

Israelen erasoaldiak etenik gabe jarraitzen du. Azken orduetan areagotu egin da, gainera; gutxienez lau pertsona hil dira Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko ospitale bati egindako erasoan. Mediku iturrien eta lekukoen arabera, hildakoez gain, beste 50 pertsona zauritu dira eraso berean. Gazako Osasun Ministerioko bozeramale Ashraf al Qedrak adierazi du ekialdeko mugatik gertu dauden tanke isaraeldarrek Deir al-Balaheko Al Aqsa ospitalera bideratu dutela artilleria erasoa.

Atzokoa izan zen orain arteko egunik lazgarriena: 140 palestinar hil zituen Israelek, eta erasoaldian hamahiru soldadu israeldar hil ziren. Gaurko eguna, baina, odoltsua izaten ari da. Ospitaleko erasoaz gain, gaur goizean familia bereko bederatzi palestinar hil dituzte, Rafahen; horietatik zazpi, haurrak. Arratsaldean beste etxe bat bonbardatu du Israelek, eta zortzi lagun hil dira, horietatik lau, adingabeak.

Bostehundik gora hildako

Guztira, operazioaren hamahiru egunetan gutxienez 520 palestinar hil eta 3.000 zauritu dituzte. Israelek hildako gehienak zibilak dira. Uztailaren 8an hasi zen palestinarren kontrako erasoa. Gazako larrialdietako bozeramaileak jakinarazi duenez, atzo hildakoen arteko 72 Shahaije auzoaren bonbardaketan hil ziren. "Sarraski bat" izan omen da.

Egoeraren larria ikusita, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak bilera egingo du gaur. NBEko Segurtasun Kontseiluak ere premiazko bilera egin du, eta "ardura" agertu du indarkeriaren gorakadatik. Borrokak berehala eteteko eskatu du Eugene Gasanak, Segurtasun Kontseiluko presidenteak. Nazioarteko legeak errespetatzeko deia egin du, zibilen babesari dagozkionak barne.

Jarraitzeko asmoa agertu du Netanyahuk

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, esan du "Israeldarrak seguru" egon arte jarraituko duela operazioak. Bere hitzetan aurreikusi baino emaitza hobeak ematen ari da "operazioa". "Emaitzak argiak dira. Harrituta nago", adierazi du Netanyahuk. Soldadu israeldarrei eskerrak eman dizkie, eta esan du "kanpaina militarra zaila" dela eta "momentu zailak" dituela, baina baikor dela aurreikusitako helburuekin". Aurreko astean esan zuen lur azpiko tunelak dituztela jomugan lurreko operazioan.

Airez, itsasoz eta lurrez eraso zion atzo Tel Avivek Gazari, eta Hamasen adar armatuko Azedin al-Kassem Brigadak iragarri zuen Israelgo soldadu bat bahitu duela. Haien arabera, Shaul Aron du izena, eta 6092065 zenbakia du. Iragarpen hori egin eta berehala, dozenaka lagun kalera atera ziren, ekintza ospatzeko.

Israelek, bien bitartean, tropak berrikusten jarraitzen du, horietako bat atxiki ote duten egiaztatzeko. Ron Prosor Israelen enbaxadoreak atzo esan zuen bahiketaren "zurrumurruak" ez direla egia, eta ez dagoela bahitutako soldadurik. 2006an, Gilad Shalit soldadua bahitu zuten ekintzaileek, eta 2011n utzi zuten aske.

Palestinarren exodoa

Israelgo armadaren ultimatuma jaso ondoren, milaka palestinarrek etxea utzi behar izan dute, baina ez daukate nora joan. Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eskolek ez dute herritar gehiago jasotzeko baliabiderik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna