Baionako bestak

Txosnak muntatu dituzte gazteek

Gaur goizean muntatu dituzte txosna gunea osatuko duten bi txosnak. Ostiraletik igandera egonen dira zabalik. Gaueko hamarretan botako dituzte Baionako bestei hasiera emanen dioten gakoak. 

Ipar Euskal Herriko Hitza
2014ko uztailaren 23a
21:23
Entzun

Baionako Patxa plazako txosna gunea zutik da jada. Duela egun batzuk gazteek bi txosna jarriko zituztela iragarri zuten, eta jendea hartzeko prest dira orain. Ostiralean irekiko dituzte, 14:00etan, eta igandera bitarte egonen dira zabalik. Eztandarako prest da Baiona.

Txosnen inguruan gozatzeko egitarau oparoa ere prestatua dago. Ostiralean, 18:00etatik aitzina pintxo lehiaketa eginen dute, eta ondotik Patxaranga elekrotxarangak joko du. (Izena emateko [email protected] helbidera idatzi behar da). Larunbatean berriz, Gazte Eguna ospatuko dute. 12:00etan aperitifa alaitua, 13:30ean bazkaria 6 euroren truke, 16:00etan jokoak eta 18:00etatik goiti, azkenik, kontzertuak egonen dira: Arnas eta Inguma taldeak. Igandean, azkenik, Preso eta iheslarien aldeko elkartasun eguna eginen da. Bazkaria antolatu dute, 20 euroren truke.

Igandeko bazkari horrez gain, preso eta iheslarien aldeko mugimenduak antolatu ditu bertze hainbat ekitaldi. Atzo, erraterako, braderian parte hartu zuten, materiala salduz. Gaur berriz, Ekimen Herritarra deiturikoan, preso eta iheslarien aldeko banderolak zein ikurrinak ateratzera deitu dute, besten irekieran. Bestalde, larunbatean 11:00etatik aitzina elgarretaratzea eginen dute Réduit plazan. Igandean, erran bezala, bazkaria izanen da txosna gunean. Epaixka ostatua besta egun guzietan egonen da irekia.

Euskaldun, parekide eta herritarrak

Goiburu hori eman diote gazteek antolatutako txosna gune eta egitarauari. Izan ere, hori baita txosna gunea antolatzearen helburuetariko bat, besta alternatiboa antolatzea, balore euskaldun, parekide, eta herritarren pean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.