hegazkin istripua

Donostiako gazte bat zendu da

Burkina Fasotik Aljeriara zihoan hegazkin bat desagertu egin da. Ekaitz batek harrapatu zuela uste dute, eta lurra jo zuela. Tripulazioko kide zen 28 urteko Donostiako gizon bat.

Istripua izan duenaren gisako hegazkin bat, Swiftair enpresakoa, artxiboko irudi batean.
Istripua izan duenaren gisako hegazkin bat, Swiftair enpresakoa, artxiboko irudi batean. BERRIA

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko uztailak 25

Arratsaldeko hirurak aldera esan du Aljeriako abiazioak hegazkinak lurra jo duela. Mali eta Aljeriaren arteko mugatik gertu erori da, Azawaden. Ez dute esan oraindik, ordea, inor bizirik atera ote den. Malin dauden Frantziako armadako iturrien arabera, ez dute erraza izango hara iristea eta gaur bertan iristeko aukera "oso balizkoa" da. Lehen asmoetako bat inguru hura ixtea da, segurtasun arrazoiengatik.

Azawaden gerran daude. MLNAko tuaregek independentzia aldarrikatu zuten Azawadentzat 2012an, eta gobernuaren kontra ari dira borrokan. Talde islamistak ere badira borrokan. Gao eta Kidal dira Azawadeko hiri nagusiak. Aurreko astean bake elkarrizketak hasi zituzten, baina horien berri ez da izan oraingoz.

Donostiar bat, tripulazioko kide

Hegazkinean zihoazenen artean, bazen gutxienez euskal herritar bat. SOS Deiek Twitter bidez zabaldu dute tripulazioko kideetako bat donostiarra dela, eta hala baieztatu diote gero BERRIAri. Tripulazioko beste bi balearrak dira, eta gainontzeko hirurak, espainiarrak; zehazki, madrildarrak. Pilotuak Agustín Comeron eta Isabel Gost dira, biak ere Spanairrekoak. Tripulazioko beste kideen inizialak R. G., M. A. R., R. M. eta F. C. dira. 

Horiez gain, beste 110 bidaiari zihoazen hegazkinean. Bidaiariei dagokienez, Burkina Fasok baieztatu du horien artean 50 "frantziar" zihoazela hegaldi horretan. Frantziako Gobernuak, ordea, ez du zehaztu euskal herritarrik ba ote den.

Hainbat herrialdetako bidaiariak

Bidaiarien artean, 50 "frantziarrez" gain, 24 burkinafasoar, zortzi libanoar, sei aljeriar, bost kanadiar, lau alemaniar, bi luxenburgotar, maliar bat, belgiar bat, nigeriar bat, kamerundar bat, egiptoar bat , errumaniar bat, suitzar bat  eta ukrainar bat daude, hegazkin konpainiak jakinarazi duenez. Hiru gorpu oraindik ez dituzte identifikatu.

Uagadugu Burkina Fasoko hiriburuko aireportuak jakinarazi duenez, hegazkinean zihoanetako bat Mariela Castro da, Raul Castro Kubako presidentearen alaba eta Fidel presidente ohiaren iloba. Europa Press berri agentziak zabaldu duenez, ordea, Telesur telebista katean telefono bidezko elkarrizketa egin dute harekin, eta gezurtatu egin du hainbat iturrik kaleratutako informazioa. "Bizirik nago", esan du.

Ikerketa, Aljeriaren esku

Swiftair Espainiako hegazkin konpainia bat da, Air Algerierentzat lan egiten badu ere. Oraingoz, Aljeriak hartu du ikerketaren ardura, eta Frantziak armadaren bi hegazkin bidali ditu horretan laguntzera. Espainiako Azpiegitura Ministerioak krisi batzorde bat osatu du, eta Burkina Faso, Mali eta Aljeriako agintariekin hasi da lanean informazioa biltzeko.

Kuduguko aireportutik atera da hegazkina, gauerdian. Hiri hori Burkina Faso erdialdean dago, Uagadugu hiriburutik mendebaldera. Aljeriako lehen ministro Abdelmalek Sellalek baieztatu du Malin desagertu dela Gao eskualde gainean hegan zihoala, Aljeriako mugatik 500 kilometrora. Oraindik ez dago garbi istripu bat edo bahiketa bat izan den, baina ordu horretan eguraldi txarra zegoela eta litekeena istripu bat izatea dela esan dute.

Burkina Fasok baieztatu duenez, hondar ekaitz batek behartu du hegazkina norabidea aldatzera, eta 01:38an norabidea aldatu ahal izateko baimena eskatu du. Azken harremana, hori bai, Mali gainean izan dutela dio; 01:55ean, zehazki, Gao gainean.

Aireratu eta 50 minutura desagertu da

Konpainiak berak jakinarazi du gaur eguerdia baino lehen desagertu dela hegazkina. McDonnell Douglas MD-83 motako hegazkina da, eta 110 bidaiari zeramatzan, bi pilotuz eta lau langilez gain. Hegazkin horrek, ordea, 165 lagunentzako tokia du. Hegazkina 1996koa da.

Swiftairrek ohar batean jakinarazi duenez, Burkina Fason aireratu da, gaueko 01:17an, eta 50 minutu geroago galdu dute haren arrastoa. Aljeriara goizaldean zen iristekoa, 05:10ean, baina hara ez da iritsi, eta konpainiak esan du haren berririk ez zutela. Hegazkin konpainiako larrialdi zerbitzuak jakinarazi du lanean ari dela zer gertatu den ikertzeko, eta informazio gehiago emango dutela aurrerago. Air Algerie-rekin ari da lanean, eta atsekabea adierazu du tragediagatik. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna