hegazkin istripua

Swiftairrek baieztatu du Malin eroritako hegazkineko bidaiari guztiak hil direla

Hegazkinaren hondarrak topatu dituzte; desintegratuta dago, eta militarrak bidali dituzte segurtasuna bermatzeko. Kutxa beltz bat aurkitu dute. Frantziak atentatuaren aukera baztertu du, eta meteorologia arrazoiengatik gertatu zela adierazi du. Uste baino bi bidaiari gehiago zihoazen hegazkinean; tartean 28 urteko donostiar bat.

Hegazkina erabat suntsituta topatu dute, eta bidaiari guztiak hilik.
Hegazkina erabat suntsituta topatu dute, eta bidaiari guztiak hilik. French Army / EFE

Berria -

2014ko uztailak 26

Malin aurkitu dituzte hegazkinaren hondarrak, iristeko "oso zaila" den gune batean. 9 hektareako eremuan daude arrastoak, eta Frantziako, Maliko eta Herbehereetako 220 militar ari dira ingurua zaintzen.

Swiftair hegazkin konpainiak baieztatu du bidaiari guztiak hil egin direla, eta informazio hori berretsi du Francois Hollande Frantziako presidenteak ere. Azken horren arabera, kutxa beltz bat aurkitu dute, eta Gaora bidalia izan da. Aurretik, Frederic Cuvillier Frantziako Garraio ministroak France Info irrati katean ohartarazi du hegazkinaren egoera kontuan hartuta "ia ezinezkoa" izango zela norbait bizirik topatzea. Gorpuak Gaora eramango dituzte identifikatzeko.

Konpainiak gaineratu duenez, oraindik ezin dituzte istripuaren arrazoiak zehaztu. Bernard Cazeneuve Frantziako Gobernuko Barne Ministroak dio atentatuaren hipotesia baztertuta geratu dela, eta uste dute klimarekin lotutako arrazoiengatik jo zuela lurra. SEPLA Espainiako hegazkin pilotuen sindikatuarentzat, ordea, "oso arraroa" da hegazkin batek lurra jotzea "soil-soilik" meteorologia arrazoiengatik. Cope irrati katean egin ditu adierazpenok Agustin Guzman sindikatuko ordezkariak.

Frantziako herritartasuna dute Malin eroritako hegazkinean zihoazen bidaiarietako asko; hori dela eta, Hollande presidentea Frantziako ministroetako batzuekin bildu zen atzo, istripuari dagozkion azken berriak aztertzeko.

Burkina Fasotik Aljeriara zihoan hegazkina desagertu egin zen herenegun goizaldean. 118 bidaiari zihoazen barruan, eta sei tripulatzaile. Air Algerierena zen hegaldia, baina Espainiako konpainia bat ari zen zerbitzua ematen: Swiftair. Euskal Herriko langileak ditu enpresak, eta hegazkinean zihoan bat. Raul Montero donostiarra zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna