Euskal presoak

Presoen aldeko herri bazkaria debekatzearen zentzugabekeria salatu dute Bilbo Zaharreko auzokideek

Jaietan da auzoa eta presoekiko elkartasun bazkaria egitekotan ziren gaur. Eloy Velasco epaileak debekatu egin du, auzotarrek ezin ulertua adierazi dute eta herri bazkaria bertan behera utzi dutela jakinarazi dute.

Bilbo Zaharreko bizilagunen agerraldia. BERRIA
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 26a
14:11
Entzun

"Ez dugu ulertzen Madrileko epaile batek auzoko herritar eta taldeen babesa duten ekimen gastronomikoak debekatzen jardun behar duenik", adierazi dute 80 bat auzokideen babesarekin egindako agerraldian. "Langileen auzo solidarioa gara, aisialdiko ekimen anitzak antolatzen ditugunak bizilagunentzako eta bisitarientzako".

Herriaren parte diren aldetik, "urte luzeetan" bizi izan den gatazka gainditzeko Euskal Herrian zabaldu den aroa "ilusioz" bizi dutela adierazi, eta naturaltasuna eskatu dute: "Garaia da gure auzotik urrun dauden auzokideekiko egiten ditugun elkartasun ekimenak naturaltasunez bizitzeko. Gure inguru hurbileko presoen aldeko elkartasun keinuak ezin dira ez zentsuratu ez debekatu".

Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako aginduaren aurrean, gaur egitekoa zen herri bazkaria bertan behera uztea erabaki dutela jakinarazi dute Bilbo Zaharreko auzokideek.

"Konponbidearen aurkako erasoa"

EH Bilduk ere gaitzetsi egin du herri bazkaria debekatu izana. Komunikatu baten bidez salatu du "gatazkaren konponbidea oztopatzeko saioa" izan dela debekua. "Inposizio politiko bat da hau. Euskal Herrian hasitako garai berri bat iztopatzeko ahalegina da eta elkartasun mota oro kriminalizatzeko ahalegina".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.