Gazaren kontrako erasoa

Gaur gauerdira arte luzatu du Israelek su-etena

Israelgo 'Haaretz' egunkariaren arabera, NBEren eskakizunari erantzunez hartu du erabakia Tel Avivek. Atzo, hamabi orduko menia baliatuta, 135 hilotz atera zituzten Gazan hondakinen artetik. Elikagaiak hartu eta gorpuak bilatzeko ere erabili dute. Gutxienez 1.050 palestinar hil ditu Israelgo armadak erasoa hasi zuenetik, hemeretzi egunean.

Israelen erasoak

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 27

Ia gauerdian eman du Haaretz egunkariak meniaren berri. Berez atzoko su-etena hamabi ordukoa zen; Euskal Herrian 19:00ak zirenean zen amaitzekoa. Israelek, ordea, lehenik lau orduz luzatu zuen, eta ondoren beste 24 orduz luzatzea erabaki zuen, Nazio Batuen Erakundeak eskatuta. Ikusteko dago, ordea, egonkorra izango ote den. Atzo hamabi ordukoa amaitu bezain pronto Palestinako miliziek lau suziri jaurti zituzten Israelera, Israelgo hedabideek zabaldu dutenez. Gazaren iparraldeko hirietan suziriez ohartarazten dituzten alarmek jo zuten. Armadak ez zuen erantzun segituan, eta su-etena beste lau orduz luzatzea adostu zuen, nazioarteak bultzatuta. Gauerdira arte. Haatik, ez zuen halakorik bete. Maan albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, gauerdia baino lehen Rafah hiria bonbardatu zuen, eta palestinar bat tiroz hil zuten. Hamasek ondoren onartu zuen suziriak bota zituela, eta Israeli leporatu zion su-etena eraso gehiago prestatzeko aitzakia gisa erabiltzea.

Herenegun AEBek proposaturiko zazpi eguneko meniari muzin egin ostean, hamabi orduz bonbardaketak etetea adostu zuen Israelek atzo goizean. Hamasek ere adostu zuen hamabi orduz suziririk ez botatzea. Atzo 08:00etan sartu zen indarrean su etena. Bi aldeek zorrotz errespetatu zuten hamabi orduko menia. Lau orduko luzapenak ez zituen esperotako ondorioak eman.

Egun bateko lasaitasuna

Berun urtua deituriko operazioan (2008-2009) hildako kopuruetatik gero eta gertuago dago oraingo erasoaldia. 1.400 palestinar hil zituzten orduan. Atzo su-etena eman zutenetik Israelek gutxienez 1.050 lagun hil ditu hemeretzi eguneko bonbardaketa etengabean. Gehienak zibilak. Gazako larrialdi zerbitzuek diote kopuruak gora egin dezakeela, egun osoan hondakinak jasotzen aritu baitira, eta horien azpian hildako gehiago aurkitzeko beldur dira. Zaurituak 6.000 baino gehiago dira. Lurreko operazioa abiatu zutenetik 800 lagun inguru hil dituzte. Israelek 40 soldadu galdu ditu lurreko inbasioari ekin zioenetik. Beste hiru zibil hil dira milizia palestinarrek jaurtitako suzirien ondotik.

Baliagarria izan zaie Gazako herritarrei arnasaldia. Zaurituak artatu eta elikagaiez eta edariez hornitzeko erabili dute. Baita beldurrik gabe kalean lasai ibiltzeko ere. Lasaitasuna Israelgo armadak eragindako desmasia ikusteko balio izan zaie: auzo eta herriak guztiz txikituta, eta hamarnaka eta hamarnaka hilotz hondakinen azpian aurkitu dituzte.

Menia amaitzeko ordu gutxitara 135 gorputik gora aurkitu dituzte. Uztailaren 8an Tel Avivek erasoa hasi zuenetik mila hildakoen langa gainditu dute. Gazatar askok haien etxeen eta ondasunen egoera ikusteko baliatu dute goiza.

Etxe batzuk zutik eutsi diote, baina bertakoek ezin izan dute barrura sartu. Maan albiste agentziak zabaldu duenez, armadako tankeak etxe bizitza batzuen parean jarri dira Xahayn auzoan, inor barrura sartzen eragotziz. Bereziki kaltetuak izan dira Beit Hanoun, Beit Lahia, Xahaiyn, Al-Juza eta Rafah guneak. Erasoak hasi zirenetik armadak ez die utzi anbulantzia eta zerbitzu medikuei gune horietara sartzen.

Israelek segurtasun eremua handitu du Gazan, eta Gazako landa eremuaren %43 itxi diete herritarrei. Israelgo armadaren bozeramaileak adierazi du gune horietan dagoen orok «bizitzak arriskuan jartzen» ari dela. Askok ezin izan dituzte etxeen hondakinetan euren ondasunak bilatu.

Kale ekonomikoak izurgarriak dira. 1.800 etxebizitzatik gora birrindu dituzte bonbek, eta beste 20.000 inguruk kalteak jasan dituzte. Palestinar askok ez dute nora jo, ez baitira inon seguru sentitzen. Ostegunean NBEko eskola bati su egin zion armadak, eta hamazazpi lagun hil zituen.

Azkeneraino aprobetxatu zituen Israelek menia aurreko minutuak. Izan ere, aire erasoak gogortu eta gutxienez 23 lagun hil zituen Khan Khan Yunisen su-eten humanitarioa indarrean sartzear zegoela. Horietatik 11 haurrak ziren, Gazako osasun zerbitzuek aditzera eman dutenez.

Nazioartearen bultzada

Nazioartea bitartekari aritu da su-etena luzatu nahian, horrek beste «iraunkorrago» baten aukerak handituko dituelakoan. Parisen bildu ziren atzo AEBetako, Qatar, Frantzia, Turkia , Alemania, Erresuma Batua, Italia eta EB Europako Batasuneko ordezkariak. AEBen zazpi egunetako meniaren proposamenak huts egin ondotik adostu zuten Parisko bilera.

Nazioarteak proposatutako akordioak Israelen «zilegizko segurtasunerako» eta palestinarren «garapen sozioekonomikorako» beharrei erantzun nahi die, Frantziako Laurent Fabius Atzerri ministroaren hitzetan. Blokeoarekin amaitzea legoke nazioartearen proposamenaren erdian. Hamasek proposamena baztertu zuen lehengo astean, atxilotutako palestinarren askatasuna onartzen ez zuelako.

Garrantzitsua deritzote Qatar eta Turkiak negoziazioetan parte hartzea, Hamasekin duten harremanak onak baitira. Bestalde, AEBak Israelen aliatu gertukoenak dira.

Paris eta Europako beste hainbat hiriburutan Israelen erasoaldiaren aurka protesta egitera ateari ziren. Baita Tel Aviven ere. Mila lagun inguru bildu ziren Gazaren gerraren aurka protesta egiteko. «Geldi dezagun gerra», «Gaza-Sderot, haurrek bizi egin nahi dute» afixekin bakearen alde egin zuten. Entzungor egin die gobernuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna