Gazaren aurkako erasoaldia

Beste su-eten bat hautsita

Soldadu bat preso hartzea egotzi dio Israelgo armadak Hamasi, eta amaitutzat eman du berez 72 ordu iraun behar zuen su-eten humanitarioa. Abbasek gaur ordezkaritza bat igorriko du Kairora.

Erasoa Gazako hondartzan

Samara Velte -

2014ko abuztuak 2

Ekialde Hurbilean goizeko 08:00ak zirenean —07:00 Euskal Herrian— sartu da indarrean gauerdian Hamasek eta Israelek adostutako 72 orduko su-etena. AEBetako Estatu Departamentuak iragarri duenez, menia baliatuz, bi aldeetako ordezkariak Kairora iritsi eta berehala hasiko dituzte elkarrizketak. Baina menia indarrean sartu eta lau ordu eskasera bertan behera utzi du Israelek, eta hura urratu izana egotzi dio Hamasi. Hark, ordea, ukatu egin du. "Israelek urratu du su-etena baina Hamasek ez die haien erasoei erantzun", esan du Osama Hamdan, Hamaseko kideak. Gazako osasun zerbitzuen arabera, Israelek hiru palestinar hil ditu menia indarrean sartu ondoren.

Menia bertan behera utzi eta minutu gutxira Rafah-ren aurkako bonbardaketak hasi dituzte. Palestinako iturrien arabera, 70 inguru izan daitezke hildakoak eta 200dik gora zaurituak. Atzo atzerritarrei hoteletatik irteteko agindu zieten, gaur berriz Gazatik joateko aholkatu diete.

Israelgo armadaren arabera, milizia palestinarrek bi soldadu hil dituzte gaur. Militarren bozeramaile batek jakinarazi duenez, baliteke eraso horretan euren soldaduetako bat harrapatu izana. "Lehen zantzuek iradokitzen dute Israelgo armadako soldadu bat terroristek bahitua izan dela". Ustez soldaduak tunel bat desegiten ari zirenean harrapatu dute. Tel Avivek dioenez, armada bilaketa lanak egiten ari da desagertutako soldaduaren bila. Israelek zabaldu duenez, Hadar Goldin da, eta 23 urte ditu.

Sarraskia izugarria izan daitekeela ohartarazi dute Gazako iturriek, izan ere, menia baliatuta herritarrek aterpeetatik irten dira euren etxeetara itzultzeko eta hildakoak lurperatzeko. Osasun zerbitzuak, berriz, lanean ari ziren giza laguntza banatu eta zaurituak artatzen.

Hamas: "Hitzarmenaren kontrako erasoa da"

Hamasentzat ez zen inolaz ere "onargarria", Israelek "etxebizitzak suntsitzen" jarraitzea akordioa indarrean zegoen bitartean. "Hitzarmenaren aurkako erasoa da. Israelek ez du lurreko erasoaldia eten, eta gure burua defendatzeko eskubidea dugu", ohartarazi du Ghazi Hamadek, atzerri gaietarako Hamasen ordezkariak. Hark salatu du milaka lagun daudela euren etxeetara itzuli nahian, baina ezin dutela soldaduek uzten ez dietelako.

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak, berriz, Hamasi egotzi dio "su-etenaren urraketa lazgarria". Horrekin batera, "desagertuta" dagoen soldadua "berehala" aske uzteko eskatu du. Hamasi egin dio eskaera hori, hark baitu "Gazako segurtasunaren gaineko kontrola". Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere menia bertan behera geratu izana gaitzetsi du, eta "guztiz atsekabetuta" agertu da azken orduetan izandako erasoekin.

Su-eten luzeago bat lortzea zen negoziazioen helburua. Horretarako bitartekariak banaka biltzekoak ziren alde bakoitzeko ordezkariekin, eta bere garaian Egiptok proposatutako akordioaren gainean negoziatu behar zuten. Israel hura onartzeko prest egon zen arren, Hamasek hasieratik egin zion uko, salatuz "okupaziopean jarraitzea" zekarrela hark.

Egoera larria

NBEren guneetan babestutako palestinarrak 220.000 inguru direla ohartarazi du erakundeak, 2008ko erasoaldian baino nabarmen gehiago. "Herritarrak egoera larrian daude, amildegiaren ertzean. Behar-beharrezkoa dugu nazioarteko laguntza honi aurre egingo badiogu", nabarmendu du Philippe Krahenbuhl NBEko kideak.

Nazio Batuen Erakundeak aste hasieran ohartarazi zuen dagoeneko ez zeukala baliabiderik errefuxiatu gehiagori aterpe emateko, eta berehala su-etena eskatu zien bi aldeei iheslariak artatu ahal izateko. Izan ere, Israelek ia egunero jaurtitzen ditu mezuak herritarrei euren etxeak uzteko aginduz, eta ohartaraziz epe laburrean inguru hura bonbardatuko dutela. "Egun Gazan ez dago toki seguru bakar bat", salatu du Valerie Amosek, NBEko Gazarako giza laguntzarako arduradunak.

Amnesty Internationalek Israelen eta Palestinaren laguntza eskatu du "gerra krimenak" egin dituztenak zigortuak izan daitezen. Nazioarteko Zigor Auzitegira eraman ditzaten nahi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna