Komunikazioa

Lapurdi Irratira sartzeko debekua kendu diote Peio Ospitali

Olivier Drape elizbarrutiko komunikazio buruak, irratiko administrazio kontseiluko bi kidek eta Ospitalek agiri bateratua plazaratu dute, aferari konponbidea emanez. Ospitalek irratiko lokaletan bere eginkizunak bete ahalko ditu.

Lapurdi irratiko esataria da Peio Ospital.
Lapurdi irratiko esataria da Peio Ospital. Sylvain Sencristo

Urtzi Urkizu -

2014ko uztailak 28

Uztailaren 16an Olivier Drape elizbarrutiko komunikazio arduradunak bidalita, Alexandre Agerre mezulariak, Ospitalen etxera joan, eta hau esan zion: «Lapurdi Irratian ez zara ongi etorria, eta itzuli lokaleko gakoak». Hala plazaratu zuen Ospitalek BERRIAn.

Joan den ostiralean, berriz, bilera egin zuten Ospitalek, Drapek eta irratiko administrazio kontseiluko bi kidek —Alexandre Aguerre eta Xalbat Berterretxe—. Lauren artean agiri bateratu bat plazaratu dute. Agirian onartzen dute Drapek irratiko giltzak bueltatzeko eskatu zizkiola Ospitali. Bestetik, Drapek erabaki zuen Ospital lokaletara ez sartzeko. "Soilik sarreran ager zitekeen Ospital, kronikak erregistratzeko nahikoa zelakoan", dio agirian. Bigarren solairura sartzea debekatua zuen, baita lehen solairuko espazio komunera. "Debekuak Ospitali irratitik kaleratua izatea sentiarazi zion".

Ostiraleko bileran, bestalde, Drapek erabakia kexu moduan hartu zuela adierazi zuen, "Ospitalek sortutako konfiantza ezagatik". Bileran kexuak sakon aztertu zituzten. Eta azkenean, Drapek onartu zuen aipatutako kexuak "oinarrigabeak" zirela. Ondorioz, hartutako neurriak bertan behera utzi ditu elizbarrutiak. "Beste edozein bezala, Ospitalek irratiko lokaletan bere eginkizunak bete ahalko ditu".

Agirian, Ospitalek aitortzen du, debekuez aparte, Drapek ez zuela esatariaren irratiko eginkizunak auzitan jarri, "ez haren kroniketan ez administrazio kontseiluan".

Bi aldeek faltan sumatu dute "komunikazio edo harreman zuzenagoa". Izan ere, uste dute harreman horrek saihets zezakeela inguruko komunikabideetan zabaldu diren "zorigaiztoko" informazioak. "Askotan egiaztatu ez diren informazioak". 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna