EUSKARA

"Eremu naturalak aktibatu behar dira"

Gazteak ditu ikergai Jauregik, eta salto bat emateko aukera ikusten du zenbait herritan: gazte gehien-gehienek badakite euskaraz, eta euskaraz funtzionatzeko modua badago. Urratsa egitea falta da. Ausartzea. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

jarraia94442.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko uztailaren 31
07:56
Entzun

Gazteek euskararekin zer jokabide duten aztertzen denbora darama Pello Jauregi irakasleak (Pasaia, Gipuzkoa, 1958). Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) egoera ikertu du oraindik orain, eta ondorioztatu du jauzi bat emateko aukera badagoela. Haren ustez, euskara eskolatik kanpo ere hedatzea da gakoa. Ziklo naturala edukitzea.

Hezkuntzan itxaropen handia izan da. Gehiegi eskatu zaio?
Zerbaitetan zuzena izan da bide hori, baina guztiz ez. Hezkuntzari garrantzi handia eman zitzaion: jendeak euskara ikasten badu, euskararen aldeko giroa badago, erabilera berez etorriko da. Eta hori ez da egia. Egin dena ez da alferrikakoa, eutsi behar zaio, baina gaur egun jakitun gara erabileraren kontua konplexuagoa dela eta aldagai gehiago jarri behar direla martxan.

Ezagutzan bai, baina erabileran zenbat egin dezake eskolak?
Agian errazagoa da alderantziz egitea. Badaude haur batzuk eskolaldi osoa euskaraz egin dutenak eta, hala ere, gaztelaniaz hobeto egiten dutenak euskaraz baino. Horrek esan nahi du haur horiek sozializatu direla gaztelaniaz —etxean, kalean, hedabideetan...—, eta horiek guztiek askoz indar handiagoa daukatela eskolak baino. Hor ikusten da gizarte eremu batzuen batuketak zer indar duen eskolaren aurrean. Eskolak badu indarra, eta erabileran egin dezake —eta dezente egiten du—, baina eskola, aldamenean ez badauzka etxea, lagunartea, hedabideak eta horrelakoak, erdibidean geratzen da. Haur bat eskolan soilik euskalduntzen denean, hamarretik hiruk lortzen dute euskaraz hitz egiteko gaitasun arrunta; gainontzekoek ikasten dute, baina ez erabateko erraztasunarekin. Eta erabateko erraztasunik ez badu, gero hizkuntza hautatu behar duenean, joera erdararako izango da. Eskolatik ezin dugu askoz gehiago espero erabileraren ikuspegitik. Zerbait gehiago bai, beti dagoelako zerbait hobetzerik, baina kopuru handiak ez dira eskolatik etorriko jada.

Gehiago eska dakioke eskolari?Handian, ez; txikian, bai. Haurrak txikiak direnean, eskolak oso dinamikoak dira; haurrek asko hitz egiten dute euren artean. Horietako asko erdal familietatik datoz, ez dakite oso ondo euskaraz; ikasten ari dira, justu interakzio handia dagoenean. Baina gero, gaztexeagoak direnean, euskaraz hitz egiteko gaitasun handiagoa dutenean, eta haien arteko interakzioa oso interesgarria litzatekeenean, orduan metodologia askoz ere pasiboagoa da: irakasleek askoz gehiago hitz egiten dute, eta ikasleek, entzun. Gazteak koskorrago direnean eskolak dinamikoagoak balira metodologian, koskaren bat aurrera egin genezake gaitasunean, eta ohiturak ere finkatu ahalko lirateke gehixeago.

Etxearen garrantzia aipatu duzu. Noraino eragin daiteke hor?
Etxea eremu pribatua da, intimoa. Eragin daiteke zeharka, gauzak eskainiz eta giroa sortuz. Segur aski, gurasoek bultzatu beharko lukete mugimendua, ez eskolak animatuz. Ea nola antolatzen duten gurasoek beren burua, eta gero laguntza eman kanpotik. Neurri batean, borondatean oinarritzen da hori. Zer-nolako eskaintzak egin? Eskaintza kolektiboak interesgarriak dira. Uda honetan, adibidez, eskaini dira gurasoentzako barnetegiak; aukera dute umeekin joateko. Adibidez, gurasoak oso interesatuta daude hezkuntzarekin, seme-alaben heziketarekin. Hezkuntzaz hitz egiteko eremu euskaldunak sortu behar dira; eskolek antolatzen dituzten saioetan normalean nahastu egiten dira guraso euskaldunak eta erdaldunak, eta beti erdaraz ematen dituzte. Euskaldunon guneak trinkotu behar dira. Gurasoen munduan ikusi behar da batzuk euskaldunak direla, garrantzia ematen zaiola, eta beste batzuk erakar litezke horren bidez.

Erdigunea ez direla umeak soilik.Umea erdigune duten jarduerak badaude —aisian falta da oraindik—, baina gurasoak erdigune dituzten espazioak beharrezkoak dira. Etxeko hizkuntz sozializazioa gurasoek ezartzen dute; haiek jartzen dute norabidea. Haurrak jasoko du gurasoen eragin hori. Beraz, gurasoak aktibatu behar dira, haur horiek euskara etxean ere normaltasunez jasotzeko, ez eskolan bakarrik. Lasarte-Orian ditugun datuen arabera, haurrek eskolaz gain etxea ere euskal toki dutenean, hamarretik zazpi-zortzik joera dute kalean lagunekin euskaraz egiteko; joera hori batez ere etxetik dator. Helduak gara gizartearen erdigunea; guk markatzen dugu eredua. Gazteei ezin diegu eskatu guk egiten ez dugunik. Akats handi bat hori da. “Eskolak egingo du, ikasiko du, eta egingo du...”. Ez, ez. Helduen euskalduntzeak izugarrizko garrantzia du, helduen euskararako joerak ere bai, hori delako hazia gero gainontzeko belaunaldiak euskalduntzeko eta eredu hartzeko.

Etxean eragiteko unerik bada?
Badaude bi momentu garrantzitsu familietan. Bat, bikoteak osatzen direnean. Normalean gazte garaian sortzen dira, eta bikote horiek, seme-alabak eduki baino lehen, kuadrillen inguruan babesten dira. Bikoteak sortzen diren garaian, garrantzitsua da zein den bikoteak osatzeko hizkuntza; horrek zerikusia dauka gazte ingurunean zein hizkuntza den nagusi. Gurasoei begira lan egitekotan, gazte denbora horretan egin behar da. Baina garai oso zehaztugabea da, eta intimoa. Baina giroa euskalduna bada, pentsa liteke harremanetan euskara sortuko dela. Normalean, errazagoa da hizkuntza berria harreman berrian jartzea, eta ez harremana hasi ondoren aldatzea. Bigarren unea da gurasoek seme-alabak dituztenekoa. Euskararekiko grina eta kezka sortzen zaie orduan guraso askori. Aldi berean, baina, ez da garai ona, gurasoak oso kezkatuta daudelako haur jaioberriarekin. Eta hizkuntz ohiturak aldatzeak energia eskatzen du.

Etxekoa lortuko balitz, aurrerapausoa bermatuko litzateke?Aurrera begirako proiekzio bat egin dugu Lasarte-Oriako ikerketarekin. 2012an eta 2002an joera bera ikusi dugu: eskolan D ereduan eskolatu eta gurasoekin euskaraz egiten dutenen artean, hamarretik zazpi-zortzik joera dute euskaraz egiteko kalean. Kopuru handiagoetan ere hori gertatuko litzateke? Hipotesia hori da. Erronka daukagu ume horiekin. Lasarte-Oriaren gisako tokietan —asko dira Gipuzkoan—, seguru asko D eredua unibertsalizatua dago, eta gazte gehienek badakite euskaraz, ondo-ondo ez bada ere. Kontua da gazte horiek guraso direnean zer egingo duten. Euskaraz egingo dute edo ez? Hor daukagu zalantza. Jendeak gaitasun ona ez daukanean, hizkuntz erabilera erdaldunen parekoa da; gehienek erdaraz egiten dute. Gainera, kontuan hartu behar da eskola amaitzen dutenetik guraso diren arte hamabi-hamabost urteko tartea dagoela, eta bitartean arriskua dagoela hizkuntza kamusteko. Esperantzak ez dira oso positiboak. Hala ere, hipotesi gisa, lortuko bagenu beste sozializazio bide batzuen bidez gazte garaian hizkuntza ez kamustea, erabiltzea eta guraso direnean egitea, seguru asko jauzi kualitatibo handia emango genuke erabileran.

Ezagutza gehitu behar da, beraz?
Bai. Baina hizkuntz gaitasunean benetako pausoak erabilerari esker ematen dira. Hizkuntza erabiltzean eskuratzen da gaitasuna, eta hori da falta zaiguna. Eskolak modu artifizial eta formalean ematen du ematen duena. Normaltasuna lortzeko, behar dira eremu naturalak, eta maiztasunez erabiltzea. Hortik dator benetako naturaltasuna. Gaitasunean falta den koska ez da gaindituko eskolaren bidez, baizik eta komunikabideen bidez, egunerokoan erabiliz, lagun artean bromak-eta euskaraz eginez... Hortik etorriko da gaitasun hori. Modu naturalean barneratua izango denez, hitz egiteko joera izango du. Hor sortzen da ziklo naturala. Hori aktibatzea falta da.

Hizkuntz asimetria jarri duzu mahai gainean.Gazte eremuan inoizko baldintzarik onenak dauzkagu Lasarte-Oriaren gisako tokietan. Hamar gaztetik bost-seik egiten dute euskaraz ongi; gainontzekoek, zati txiki bat kenduta, ondo edo nahiko ondo ulertzen dute. Beraz, Kataluniako egoera txiki batean gaude eremu horretan. Udalak, kirol elkarte batek edo edozein eragilek eskaintza egingo balu gazteen artean, euskara hutsez egin ahalko luke, denek ulertzen dutelako. Ez dago diskriminaziorik hizkuntza aldetik; komunikazioa posible da. Baina horrek eskatzen du geureganatu behar dugula katalanen hizkuntz asimetriarako joera. Alegia: “Zuk ulertzen duzu? Bada, nik euskaraz egingo dut, nahiz eta zuk erdaraz erantzun. Ulertzen didazunez, komunikazioa ez da mozten. Zuk erdaraz egin nahi baduzu, egin; nik euskaraz egingo dut”. Hori da harreman asimetrikoa. Kultura hori erabat arrotza da euskaldunontzat, inoiz ez dugulako baldintza sozialik izan horrela jokatzeko. Baina gaur egun, eskolari esker, humus hori sortu da. Nahi izanez gero, egin daiteke. Hori antolatzea da nire proposamena. Ez dadila izan norbanakoaren erabakia. Goazen antolatzera. Egin dezagun kanpaina bat. Hartu bi hilabete, eta herrian era publikoan berrehun gazte bildu denekin euskaraz egiteko. Erronka. Eta hori herriz herri egin. Modu kolektiboan egin behar da, eta pedagogia eginez, esplikatuz.

Aldaketa handia litzateke.
Horren atzean badago uste zientifiko bat: harreman asimetrikoak erabat antinaturalak dira. Enpatia soziala daukagu guk. Zuk euskaraz egiten baduzu, eta nik gaitasuna badaukat, eta zuk eusten badiozu, ni moldatuko naiz horretara. Batean aritu behar dugu. Arrotza da bestelakoa. Orain, talde euskaldun batera erdaldun bat etortzen bada, harenera moldatzen gara guztiok.

Asimetriarako ahaleginak militantziari lotua izan behar du?Militantzia behar da, baina jende guztiari ezin zaio eskatu militantzia. Esentzia guztiak bezala, kontzientzia eta militantzia oso preziatuak dira, baina oso kopuru txikietan. Beharko genuke herritarren %20 inguru prest egotea harreman asimetrikoetan jokatzeko; baina, horrekin batera, behar dugu %80k era pasiboan hori onartzea, gertatzen uztea. Prozesu sozialetan behar dira aitzindari batzuk, eta haiei jarraituko dietenak ere bai, horretara egokituko direnak.

Euskarak badauka nahikoa erakarpen hori bideragarri izateko?
Hori prestatu beharko litzateke. Diskurtsoak pentsatu behar dira. Seguru asko, diskurtsoa ez da homogeneoa, ez da bera izan behar leku guztietarako. Eremu bakoitzean suspertu beharreko emozioak diferenteak dira. Egiteko bat badugu: klixe orokorretik eta denei mezu bera ematetik atera behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.