gazaren aurkako erasoa

Erasoarekin jarraitu arren, tropak Gazatik ateratzen hasi da Israel, alde bakarretik

Hamas indargabetu duela iruditzen zaionean, gobernuak amaitutzat joko du 'Hegi Babesgarria', baina su-etenik gabe. Atzo 80 palestinar hil zituen Israelek, eta Netanyahuk esan du Hamas ahuldu arte jarraituko dutela. Hamasek dio ez dagoela inolako konpromisorik betetzera behartuta.

Berria -

2014ko abuztuak 3

Gazako etxebizitzen eta mezkiten kontrako erasoekin jarraitu du gaur Israelek; orotara, gutxienez 73 palestinar hil ditu azken orduetan. Atzo bezala, goizaldean ere Rafah hiriaren kontra bideratu ditu erasorik bortitzenak. Hegi babesgarria operazioa hasi zenetik, armadak 1.670 palestinar baino gehiago hil ditu, eta 8.900 zauritu. Gehienak zibilak dira. Tzatxi Hanegbi Israelgo Atzerri Gaietarako ministrordearen arabera, ordea, militarrek egindako hainbat ikerketatik ondorioztatu dute "hildako palestinarren %47 terroristak" direla.

Israelgo armadak jakinarazi duenez, hurrengo 24 orduetan iragarriko du Gazatik Israelera doazen tunel guztiak desegin dituela. Orain arte tunel horietako batzuk suntsitzen aritu da Israel, eta ondorengo orduetan gehiago desegitea espero du. Guztiak suntsitu ondoren, soldaduei atzera egiteko eskatuko die, Haaretz egunkariaren informazioaren arabera.

Bien bitartean, Israelek Beit Lahia auzora itzultzeko baimena eman die palestinarrei; duela bi aste joateko deia egin zien, "euren segurtasunagatik". Hala ere, ohartarazi die "kontuz" ibiltzeko, "Hamasek inguruan zabaldutako leherkariak" egon daitezkeelako.

Su-etena negoziatzeko, PAN Palestinako Aginte Nazionalak ordezkaritza bat igorriko du Kairora, Mahmud Abbas presidenteak aginduta —bihar egingo dute bilera—. Maan berri agentziaren arabera, Palestinako hiru alderdi nagusietako —Al-Fatah, Hamas eta Jihad Islamikoko— hamabi kidek osatzen dute taldea. Egiptoko Gobernuak Israeli ere eskaini dio bertan negoziatzeko aukera, baina hark ez parte hartzea erabaki du. "Ez dugu su-eten batez gehiago hitz egingo", esan dio gobernuko iturri batek Haaretz egunkariari.

Abdel Fata Al-Sisi Egiptoko presidenteak gaur berretsi du bere herrialdeak proposatutako su-etena "benetako aukera bat" dela; hala ere, ohartarazi du denbora aurrera doan heinean zailagoa izango dela bakea lortzea. Matteo Renzi Italiako lehen ministroarekin elkartu ondoren egin ditu adierazpenok Al-Sisik.

Atzo, soldadu bat preso hartzea egotzi zion Israelgo armadak Hamasi, baina Hamasen adar armatuak ukatu egin du soldadua atxiki izana. "Ez dakigu ezer desagertutako soldadu baten inguruan, ezta desagerpenaren nondik norakoez ere", azaldu du taldeak. Tel Aviven arabera, Hadar Goldin 23 urteko militarra da desagertutakoa. Maan berri agentziak zabaldutako ohar batean, ordea, milizianoek diote harremana galduta dutela euren kideetako batzuekin, uste dutela hilik daudela, eta posible dela haiekin egotea "ustez" talde horrek atxiki zuen soldadua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna