EUSKARA

"Ametsa ekoiztu behar da berriro"

Etorkizun ikuspegia "lausotuta" ikusten du Sarasuak. Elkarlana nahitaezko jo du, baina nabarmendu du euskalgintzak "diskurtso autonomoa" eraiki behar duela. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitateko irakaslea.
Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Gorka Rubio / Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko abuztuak 7

Euskaltasunari buruz pilatutako ideiak Hiztunpolisa liburuan bildu ondoren, plazan, hitzaldietan, dabil berriro Jon Sarasua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Beste estrategia batzuk martxan jartzeko aukera badagoela uste du; azken hamarkadetan ikasitakotik, beste pauso bat egin litekeela.

Beste pauso baterako unea dela zabaltzen ari da. Ziklo berri bat?
Ez nuke ahoa beteko ziklo baten amaieraz hitz eginez. Aro bati buruz hitz egin badezakegu, 50 urtean kokatu beharko genuke euskalgintza modernoaren aro hau. Aro honetako ardatz nagusiak martxan daude, eta martxan segitu beharko dute: corpusaren garatzeak, hezkuntzako ahaleginak, hedabideek, helduen euskalduntzeak, kulturgintzak, enpresenak... Beste kontu bat da badagoela aro baten balantzea egiteko arrazoirik, badaudela sintoma kezkagarri batzuk; bestetik, baldintza soziopolitiko eta soziologiko berri batzuk usaindu ditugu. Horrek marka dezake estrategia berri batzuk martxan jartzeko komenientzia. Baina estrategia bisioaren alaba da, etorkizun-ikuspegiaren alaba. Eta bisioa dago pixka bat lausotua. Ametsa ekoiztu behar da berriro.


Botilaren irudia maiz erabiltzen da; batzuek erdi hutsik ikusten dute, eta besteek, erdi beterik. Zuk diozu uste baino gerri zabalagoa duela botilak eta zuloak dauzkala.
Botila honekin bezala beste batzuekin, tamaina kalkulatzeko eta gauzak lortzeko gaitasuna aurreikusteko arazoak izan ditugu iraganean, nerabetasun ideologikoa indartsua izan delako. Euskalgintzaren botilan, nire ustez komeni da aitortzea botila uste zen baino gerri zabalagokoa dela. Asko bete da, baina itzela da oraindik betetzeko geratzen dena. Zuloak ditu, gainera; gaur egungo gizarteek daramaten abiaduran aurrera ez bazoaz, atzera zoaz. Bestetik, kuantitatiboki hazitakoa ere askotan ahula da kualitatiboki. Adibidez, hiztun sendo izateko motibazioaren erreprodukzioan baditugu pitzadurak. Datorkigun kultura-sorkuntza uholdeak ekartzen dizkigun desafioak ere aipagarriak dira.


Ilusioa, kemena gutxitzen ari da?Kontuz ibiliko nintzateke halako apreziazioetan. Ibili egin behar da asko bazterretan; haietan ikusten da ilusioen tenperatura. Nire begiratu mugatuan, bazter batzuetan oso bizirik dago kemena, eta egungo belaunaldiak aurrekoak gainditzen ari dira, bizinahiari eusten zaio. Beste kontu bat da trantsizio osteko ilusio olde hura ez zela erabat ondo kudeatu, eta gaurko sugarrak bestelakoak direla. Euskaltasunari atxikitzeko modua desberdina dela belaunaldi berrietan; beharbada, leialtasun solido gutxiagokoa, ahulagoa gauza batzuetan, baina, aldi berean, lehen baino hedatuagoa. Ur berri horietan igeri egiten ikasi beharko du euskara jendeak.


Diskurtsoa berritu behar da?
Doinu beregain bat ekoiztu dezake euskalgintzak. Kontua ez da diskurtso bat bestearen ordez kokatzea. Uste dut euskalgintzak asmatu behar duela gizarte osoari —eta gizartea oso zabala eta askotarikoa da euskararen lurralde osoa hartzen badugu— helarazten euskararen ametsaren doinu autonomo bat. Euskararen ametsaren doinu propio bat, alderdi blokeek transmitituko dizkioten doinu elektoralez beste usain propio bat izango duena. Hori izan liteke etorkizuneko diskurtso lanaren koloreetako bat.


Alderdiak alde batera utzita?
Ez. Alderdiak ezin dira alde batera utzi. Azkenean, gai hau polistikoa da; polisaren korapilo bat da, eta, horren barruan, politikoa ere bada zentzu administratiboan. Alderdiak inportanteak dira, eta beren esparrua dute. Egin behar ez duguna da esparruak nahastu, euskalgintzako erakundeak alde batera etzan edota alderdien indar metaketarako gai hau erabili. Euskararen aldekotasun sakonena gizarteak alderdi edo bloke batekin subliminalki identifikatzea, ba, bloke horrentzat oso tentagarria da boto metaketarako. Baina euskararentzat tamalgarria litzateke epe ertainera. Ez gaude horrelako akats estrategikoak onartzeko moduan. Uste dut rol banaketa bat posible dela: batetik, zer doinu, diskurtso eta amets jariatu behar duen euskararen komunitatearen erdigune antolatuenak. Eta horrek alderdien usainetik erabat urrun egon behar du. Bestetik, gai honekiko zein den alderdien rola beren logika elektoraletan eta gestio publikoan.


Akordiorako aukerarik badago?
Bai. Eraiki liteke zoru komun moduko bat, ezkontzarik gabeko adostasuna, beste alor askotan gertatzen den bezala. Bere diskurtsoa egin dezake gizarte mugimendu edo gehiengo sindikal edo enpresarial batek, eta alderdiek eduki dezakete haiekiko adostasun handiagoa edo txikiagoa, ezkontzarik gabe. Edo kasu honetan garrantzitsuagoa dena: identifikazio subliminalik gabe. Denok dakigu identifikazio zuzenik ez dela egiten, baina identifikazio subliminalak bai. Zorrotzago saihestu behar ditugu. Euskalgintzaren mezu autonomoaren uhina sinesgarritasunez hedatzen bada, horretan doinu berri moduko bat sortzeko gai bagara lurralde osorako, mende honetan gauzak hobeto egin ditzakegu.


EAEra mugatuta, legebiltzarreko alderdiak ados jar daitezke?
Zailtasunak handiak dira, eta adostasun sendoa lortzerik ez da izango. Baina zertarako dago alderdien jokoa? Herri batean alderdien artean ikusi egin behar da zer blindatu, zertan ez lehiatu, zertan lehiatu eta zertan demagogia egin. Dena uzten bada demagogiarako, gutxiago aurreratuko dugu. Kontua da euskalgintzaren erdiguneak bere doinua eta erdigunea markatzea. Gero alderdiek ikusiko dute zer kalkulu egiten dituzten hor gehiago edo gutxiago kokatzeko edo euren arteko adostasunak lortzeko. Badakigu zailtasunak daudela, dena ezingo dugula besarkatu. Euskal hiztun komunitatearen geruza zibil antolatuak ekoitz dezake bere doinu propioa. Eta alderdiei jokaleku adostuago bat eskaini, zoru komun minimo batean. Sinesgarritasun zeharkatzailea irabazi behar du horretarako, orain arte baino handiagoa.


Nafarroan eta Iparraldean, erakundeen babesik gabe, nola jokatu behar luke euskalgintzak?
Susmoa badut, adibidez, Iparraldean aro luze honetan euskararen bandera ez ote den hartu minoritarioa den ideologia abertzale ezkerzaletik. Sektore horrek ez du lortzen euskararen gainbehera amildu hori geratzerik. Seaskaren aurrean txapela kendu behar da, baina egoeraren norabidea larria da. Barnealdeko herrietan hiztunen hariak lotu eta komunitatea eratzekotan, nondik hasi eta zer tonurekin egin? Euskara ekarri duten, eta mundu politiko abertzaletik oso urrun dauden tradizio politikoetako pertsonekin zoru komuna osatzen hasiz gero, bestelako gauzetan, bestelako mezuetan, bestelako dinamiketan? Galdera polita da gainerakoan noizko kalkula litekeen Baiona edo Ortzaize euskal estatu batean. Gaur bizirik gaudenok ikusiko ez dugun zerbaiten izenean merezi du Urepeleko hiztun komunitatea erabat pitzatzea? Aho txikiarekin diot hau, gutxiegi baitakit, eta bertakoen susmoek balio baitute gehiago. Bestetik, arlo batzuetan pista asko ematen dizkigute Bidasoaz bestaldeko eta Nafarroako euskaldunek.


Abertzale ez direnak erakartzen asmatu da?
Gutxiegi, nik uste. Hezkuntzatik, elkarteetatik eta abarretatik asko egin dela aitor dezagun lehenbizi. Bestetik, beste musika batzuk izan dira nagusi herri honetan, politikoak, armatuak eta abar. Egoera horretan, ahal zena egin da. Abertzaletasunaren garrantzia handia izan da XX. mendean euskarari eusteko eta garatzeko, bakoitzari berea. Bestetik, euskaltasunarekiko atxikimenduak abertzaletasuna gainditzen du, lehen eta orain. Horri bisibilizatzeko ona da ikustea gure idazle sonatuenetako batzuk ez-abertzale argi agertzea, baina askoz harago doa gaia. Kontua da hemendik aurrera zer hamarraldi datozen, zer soziologia izango dugun, zer jokaleku politiko eta kultural izango diren euskararen lurraldeetan, eta hizkuntza komunitate bezala nola egin behar dugun bidea.


Aukera ikusten duzu erakarpen horretan pausoak emateko?
Baditugu indarguneak. Eta oro har, arlo emozionala ez daukagu kontra. Baina askotan gertatzen da euskalgintzak zirkulu euskaltzaleetatik pentsatzen duela, jende baten zirkuitu txikietatik. Garraio publikoan bidaiatu behar da Iruñean eta Irunen Ezkerraldean eta Baionan. Eta liberalismo pluralista oinarri duen gizartean biziko gara; zibilizazio kontua da jadanik, eta zuk ez diozu esango autobusean alboan duzunari zer telefono erosi eta zer hizkuntzatan nabigatu. Euskaraz eta kitto! bezalako berbandi horiek tokitan daude benetako gure demolinguistikan.


Euskal Herri osoa euskalduntzearen ametsa doitzeaz ari zara?
Etorkizun-ikuspegiak edo ortzimugak zabala izan behar du, anbiziotsua; tira egin behar dio praktikari. Ortzimuga errealitatetik harago jartzea ezinbesteko ariketa da. Exijentea da hori marraztea, hor urtu behar direlako iraganaren ezagutza, ibilaldiaren esperientzia, orain arteko estrategien maneiua, datorrena usaintzeko gaitasun intelektuala... Ortzimugak adimentsua eta mobilizatzailea izan behar du. Etorkizun-ikuspegiaren plano horren azpian kokatu behar dira gero proiektu edo amets doituak. Kolektibo eta belaunaldi baten gaitasun errealei egokitutako ametsak. Doitu, horiek egin behar dira, belaunaldi baten gaitasun zehatzei lotutako amets kolektibo zehatzak. Baina ortzimugak zabalagoa izan behar du, eta nire ustez, gaur egun, lausoa, kolore batzuk zeruertzean, amets zehatz asko kabitzeko.


Arnasguneei buruz asko hitz egiten dute. Garrantzia ematen diezu?
Uste dut interesgarriagoa dela pentsatzea hegemonia gune  edo dentsitate gune funtzionaletan, arnasgune geografikoetan baino. Batak ez du bestea kentzen, biak behar ditugu. Koiuntura honetan, uste dut dentsitate gune funtzionalak behar ditugula: izan liteke unibertsitate bat, hedabide sare bat, kulturgintzako mugimenduak, edo zirkuitu egonkorrak... Arnasgune geografikoena ere ez dago gaizki esana, baina pixka bat erlatibizatu egin beharko genuke horietan itxaropena jartzea. Besteak beste, gaur egun herri txikienak ere nolabait hirigune direlako, eta ikusten dugulako horietan ere ahultasunerako zantzuak badirela. Herri euskaldunenei eman diezaiekegu rol garrantzitsua betetzen duten kontzientzia, baina, aldi berean, ezin dugu ezer zamatu haien gainean. Hor daude hirigune handiak, eta Bilbo, eta Gipuzkoako herri handiak, eta Nafarroa, eta Lapurdi...


Ezagutza asko handitu da azken urteetan, baina erabilera, ez. Joera horrek harritu zaitu?Unibertsitatean ikusten dugun lagina kezkagarria da. Diskurtso hori aspaldi nagusitu da: erabileran dagoela arazoa. Baina ezagutzaren eta erabileraren binomioa erabiliz ez da gauza handirik ulertzen. Gutxienez motibazioaren gaiarekin triangulatu behar dira, eta elementu kualitatibo asko daude, kulturaren fluxuarena eta abar. Etorkizunean motibazioaren erreprodukzioan dugu arazo handietako bat, erabilera elikatzeko. Gertatzen ari dena ulergarria da. Ahalegin kuantitatibo handia egin da hezkuntzan, txalogarria; baina dimentsio kualitatiboei ez diegu behar beste begiratu. Hiztun komunitate bat artikulatzeak behar dituen beste hainbat gairi begiratzeko garaia da, dimentsio kuantitatiboa ahaztu gabe, noski.


Eskema egokia izan da? Ezagutzan jarri indar handia, uste izanik erabilera etorriko zela hala.
Hori izan da 50 urte hauetako aroaren diseinua. Eta ez zen marrazki txarra garai hartarako. Pisu guztia ere ez zen jarri hezkuntzan. Hor izan dira corpusaren adarra, hedabideena, kulturgintzarena, euskalduntze-alfabetatzearena, administrazioa euskalduntzearena... Hala ere, itxaropenaren zati handia jarri da hezkuntzan, eta horren kopuruetan. Zentzua izaten segitzen du. Tira, orain gehixeago ikusi dugu, gehixeago dakigu. Hizkuntzaren biziberritzea zuhaitz bat da, adar-enborrak ditu, eta adar-enbor bakoitzak bere adarrak eta zotzak. Hezkuntza da adar-enbor bat. Egin ditzakegu gauzak hobeto, eta bestetik galdetu dezakegu egiten ari garena ote den egin behar duguna. Adibidez, kontua ez da soilik A eta B ereduak D eredura migratzea. D ereduak berak dauka gaitza barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna