Gazaren aurkako erasoaldia

Israelek 8 urteko haur bat hil du, menia indarrean dela

"Su-eten humanitarioa" Gazako gune batzuetan soilik da indarrean. Goizeko hamarretan hasi da —09:00ak Euskal Herrian—. Gutxienez hamar palestinar hil zituen atzo Israelek, NBEren eskola bati erasota.

Berria -

2014ko abuztuak 4

Hamasekin ez du gehiago negoziatuko Israelek. Hala erabaki du Benjamin Netanyahuren gobernuak, elkarrizketak "hutsalak" direla iritzita. Horiek hala, eta alde bakarreko erabakiz, su-eten humanitarioa iragarri du Tel Avivek gaurko 10:00ak eta 17:00ak bitartean —09:00etatik 16:00etara Euskal Herrian—. Menia, ordea, ez da eskualde osoan egongo indarrean, soldadurik ez dagoen inguruetan soilik baizik. Hamasek eta Jihad Islamikoak kontu handiz ibiltzeko eta ahal dela etxera ez itzultzeko eskatu diete Gazako palestinarrei.

Oharrak ezer gutxitarako balio izan du, hala ere: menia indarrean dela, Xatiko errefuxiatu guneari eraso dio Israelek, eta 8 urteko haur bat hil du. Bonbardaketan 30 palestinar zauritu dira. Palestinako osasun iturriek salatu dutenez, adingabea zen Israelek hildako hiru palestinarretatik bat. Orotara, hilabete iraun duen operazioan 1.800dik gora dira hildakoak, horietatik ia 400 haurrak. Kalte materialei dagokienez, berriz, PANek jakiarazi du 5.000 milioi dolar inguru beharko direla hondamena konpontzeko.

Su-etenak, ordea, zapore mingotsa du Gazako herritarrentzat, hura iragarri aurreko orduetan Israelgo Armadak NBEren eskola bat bonbardatu eta gutxienez hamar palestinar hil baititu. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak salatu du erasoa "kriminala eta krudela" izan dela, eta Rafah-eko eskola bonbardatu zutenean 3.000 palestinar inguru zeudela bertan aterpetuta, etxera itzuli ezin zirelako. "Erokeria hau gelditu behara dago".

Israelek ez du barkamenik eskatu erasoagatik, alderantziz baizik. Aramdako eledunaren arabera, "terroristak" dira haien jopuntu bakarrak, eta ez zioten "nahita" eraso NBEren eskolari. "Terroristen atzetik genbiltzan, eta haiek batetik bestera mugitzen dira; agian, lehergailuak zeramatzaten aldean, eta eskolan zartarazi zituzten".

Kairoko elkarrizketak

Nazioarteko ordezkariek Kairon batzartuta jarraitzen dute, eta jakinarazi dute "urratsak egiten" ari direla, aurreko egunetan bezala. Ordea, negoziazio horietara ez du inor bidali Israelek, eta, iturri ofizialek berretsi ez duten arren, Tel Aviveko komunikabideen arabera hark dagoeneko baztertu du Hamasekin akordioa lortzea. Horren ondorio izan liteke asteburuan, alde bakarreko erabakiz, Gazatik soldaduak ateratzen hasi izana.

Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanen iritziz, dena den, "irtenbide bakarra" dago Gazarentzat: hura NBEren agintepean jartzea, bere garaian Ekialdeko Timorrekin eta Kosovorekin egin zen moduan. "Israelek eta PANek hausnartu beharko lukete horren inguruan. Nahikoa litzateke PANen eta Israelen arteko akordio bat horretarako; ez litzateke NBEren onespenik ere behar".

Pentsatzekoa da, ordea, Hamas ez litzatekeela prest egongo halakorik onartzeko. Gaur bertan ohartarazi du negoziazioek aurrera egingo badute beharrezkoa dela Israelekin aurrez aurre hitz egitea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna