ebola

Ebolagatik hildakoak 900 baino gehiago dira Afrikan

Osasunaren Mundu Erakundeak larrialdiko bilerara deitu du. "Epidemia" gehiago ez zabaltzeko neurriak hartzea beharrezkotzat jo du. Ginea, Nigeria, Liberia eta Sierra Leona dira kaltetuenak. Azken biek larrialdi egoera ezarri dute.

Mediku talde bat ebolak jota hildako baten gorpua eramaten, Morovian (Liberia).
Mediku talde bat ebolak jota hildako baten gorpua eramaten, Morovian (Liberia). Ahmed Jallanzo / EFE

Berria -

2014ko abuztuak 7

Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 1.711 lagun kutsatu eta gutxienez 932 hil dira Afrika mendebaldean. Abuztuaren 2tik 4ra 108 kasu gehiago agertu dira Ginean, Liberian, Nigerian eta Sierra Leonan; horietatik 45 hil egin dira. Laguntza humanitarioa ematen ari diren boluntarioetara ere hedatu da gaitza —AEBetako bi kide eta Espainiako bat kutsatu dira, besteak beste—. 

Izurria "epidemiatzat" jo du OMEk, eta ohartarazi du "beharrezko bitartekoak" jartzeko garaia dela. Horregatik, larrialdiko bilerara deitu du Larrialdietarako Batzordea, gaitzaren aurrean nola jokatu erabakitzeko. Hartu beharreko neurriak zehaztu eta Margaret Chan erakundeko zuzendariari jakinaraziko dizkiote. Telekonferentziaz egingo dute bilera gaur, eta batzordeak bihar emango du erabakitakoaren berri.

Dagoeneko neurriak hartu dituzte kaltetutako herrialdeek. Sierra Leonak egin bezala, Liberiak ere larrialdi egoera ezarri du, eta ohartarazi zenbait eskubide "murriztuta" geratuko direla. "Ezjakintasunak eta pobreziak, ohitura erlijiosoekin batera, gaitza zabaltzea ahalbidetu dute", nabarmendu du Ellen Johnson Sirleaf presidenteak.

Liberian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeen arabera, familiek etxean zaintzen dituzte ebolaz jotako gaixoak, erietxera eraman beharrean. Gainera, ebolagatik hildakoen gorpuak erraustea agindu du gobernuak aste honetan, eta ebola kasuak topatu dituzten hainbat ospitale itxi dituzte. Sierra Leonan, gaixotasunaren epizentro guztiak berrogeialdian jarri dituzte, eta leku publikoetan bilera jendetsuak mugatu. Hiriburuko aireportuan segurtasun neurriak zorroztu dituzte. 

Aireportuetan ere bertan behera geratu dira zenbait hegaldi. British Airways hegazkin konpainiak, adibidez, ez du eskainiko Sierra Leonarako eta Liberiarako hegaldirik, gutxienez abuztuaren 31 arte.  Air Francek segurtasun protokoloak jarri ditu martxan Ekuatore Ginea eta Sierra Leonarako hegaldietan.

Munduko Bankuak atzo iragarri zuenez, 200 milioi dolar emango ditu Ginea, Liberia eta Sierra Leonari laguntzeko. Jim Yong Kim bankuko presidenteak argitu du hiru herrialde horiek eskatu zutela laguntza —kaltetuenak dira—. Kim medikua da lanbidez, eta "oso kezkatuta" agertu da bizitza gehiago "arriskuan" egon daitezkeelako. Afrikako Batasunak, berriz, "mundu mailako erantzun bat" eskatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna