Irak

AEBek erasoekin jarraituko dute Irak iparraldean, "beharrezkoa" den bitartean

AEBek Estatu Islamikoaren aurkako aire erasoak egin dituzte Iraken. Mosulen gutxienez Estatu Islamikoko 15 kide hil dituzte. Erresuma Batuak laguntza bidali du Irakera.

Erasoa egin duten AEBetako gerra hegazkinak, Persiar golkoko hegazkin ontzian.
Erasoa egin duten AEBetako gerra hegazkinak, Persiar golkoko hegazkin ontzian. EFE

Berria -

2014ko abuztuak 9

Barack Obama AEBetako presidentea Estatu Islamikoaren eremuen kontrako erasoekin jarraitzeko prest agertu da. "AEBetan bizi diren eta Iraken dauden pertsonak ditugu, Bagdadeko gure enbaxada barne, eta beharrezkoa den guztia egingo dugu gure herria babesteko". Ohartarazi du erasoaldiak "luze" joko duela, eta "aste batzuk" beharko dituztela "egoera bideratzeko".

Irakentzat, AEBen erasoak "oso eraginkorrak" izan dira. Hoshiyar Zebari Irakeko Atzerri ministroaren arabera, erasoaldia hasi denetik "atmosfera erabat aldatu da" Arbil inguruan. Kurdistango Eskualde Autonomoko hiriburua da Arbil, Estatu Islamikotik ihes egindako milaka lagunen aterpea. Bien bitartean, Mosulen, 'peshmergek' erasoaldia hasi dute Estatu Islamikoak okupatutako eremuak berreskuratzeko. Militarren laguntza izan dute borroketan —ez dute zehaztu Iraken edo AEBen hegazkinak izan diren—. 

Goizaldean, AEBen hegazkinek elikagaiak eta ura jaurti dituzte Sinjar hiriaren inguruan. "Orain arte, Irakeko Gobernuarekin elkarlanean, AEBen hegazkinek 36.224 sorta janari eta urari dagozkion 6.822 eman dituzte". Erresuma Batuak ere laguntza humanitarioa bidali du Irakera, eta arlo horretan Frantziak ere babesa erakutsi dio Washingtoni.

2011n utzi zuten AEBetako tropek herrialdea, eta ordutik ez dute operazio militarretan zuzenean parte hartu. "Munduak iratzarri egin behar du Estatu Islamikoaren mehatxua dela eta", adierazi du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna