Gazaren aurkako erasoaldia

Gaza bonbardatu eta gutxienez bost palestinar hil ditu Israelek

Hiru eguneko menia bukatuta, erasoei berrekin diete Israelek eta palestinarren miliziek. Israelen operazioa hasi zenetik 1.900 baino gehiago dira hildako palestinarrak.

Hiru eguneko su-etena bukatuta, Israelgo hegazkinek Gazan egindako bonbardaketa bat, atzo.
Hiru eguneko su-etena bukatuta, Israelgo hegazkinek Gazan egindako bonbardaketa bat, atzo. MOHAMMED SABER / EFE

Berria -

2014ko abuztuak 9

Ez Israelek, ezta milizia palestinarrek ere ez dituzte su-etenerako Kairoko negoziazioak bukatutzat eman. Bien bitartean, ordea, erasoekin jarraitu dute, eta azken orduetan airez eraso dio berriro Israelek Gazari. Gutxienez bost hildako izan dira bonbardaketen ondorioz. Hildakoetako bi motorrean zihoazen; beste bi, Nuseirateko mezkita baten kontra egindako erasoan hil dituzte. Israelgo armadak esan duenez, gutxienez bost suziri jaurti dituzte euren lurretara, eta azken 24 orduetan 70 izan dira. 

Gauerditik egindako erasoetan hainbat mezkitari eraso die Tel Avivek; Erlijio Gaietarako Palestinako Ministerioak emandako datuen arabera, uztailaren 8tik 63 mezkita suntsitu dituzte.

Su-etenari dagokionez, Israelek eta alderdi palestinarrek ez dute gutxieneko adostasunik lortu Kairoko negoziazioetan. Bi aldeek beren exijentziei eutsi diete —milizia palestinarren desmilitarizazioa exijitzeari Israelek; Gazaren blokeoa bukatzeari palestinarrek—, eta batak bertzeari leporatu dio negoziazioen porrota. Barack Obama AEBetako presidenteak zalantzan jarri du bi aldeak bakea sinatzeko baldintzetan daudenik. 

Egiptoko Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi du "gai gehienetan" ados direla israeldarren eta palestinarren ordezkaritzak, baina "hagitz gai zehatzak itxi gabe" utzi dituztela. Bi aldeak ez dira elkarrekin eseri. Zeharka egin dituzte elkarrizketak, Egiptoko diplomatikoak bitartekaritzat erabilita.

Meniak iraun duen hiru egunetan egindako adierazpenetan, eta baita lehenagotik ere, Israelgo eta Hamas alderdi islamistako, zeina Gazan boterean dagoen, agintariek tinko adierazi dute beren eskakizunak bete arte ez dutela onartuko luzerako su-etenik. Menia laburra bukatuta, berriz, horren errua tinkotasun berarekin leporatu diote elkarri. "Israel denbora galtzen ari da, eta ez dio erantzunik eman palestinarren eskakizun bakar bati ere", azaldu du Sami Abu Zuhrik, Hamaseko bozeramaileak. "Horregatik, 72 orduko su-etena ez da luzatu". Mark Regev Israelgo Gobernuaren bozeramaileak, ordea, kontrako bertsioa eman du. "Su-etena bukatu da, eta haien erruz izan da".

Egun osoan, baita su-etenaren epea bukatu aitzinetik, Israelgo eta Palestinako hedabideetan menia luzatzearen inguruko akordioen zurrumurruak hedatu ziren, alde bateko zein bertzeko iturri anonimoak aipatuta. Eguerdi aldera, adibidez, Maan agentzia palestinarrak argitaratu zuen atzo 20:00etara arte "su-eten ez-ofiziala" adostu zutela Israelek eta Hamasek. "Egiptoko elkarrizketen hurbileko iturriak" aipatu zituen Maanek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna