Gazaren aurkako erasoaldia

Turkiako GKE batek iragarri du giza laguntzako flotilla bat bidaliko duela Gazara

Israel eta Palestinako ordezkaritzak Kairon daude bilduta, su-etena luzatzeko akordio bat lortzeko negoziazioetan. Hiru eguneko su-etena indarrean da bart gauerdiaz geroztik.

Leherketa bat Gaza hirian. Bart gauean sartu zen indarrean hiru eguneko su-etena.
Leherketa bat Gaza hirian. Bart gauean sartu zen indarrean hiru eguneko su-etena. Mohammed Saber / EFE

Berria -

2014ko abuztuak 11

Bihar egingo dute prentsaurrekoa, baina dagoeneko iragarri dute Israelek Gazari ezarritako blokeoa gainditzen ahaleginduko direla. Giza Laguntzarako Fundazioak eta Askatasun Flotillaren Koalizioak antolatu dute flotilla. Duela lau urte egin zuten lehen saioa, baina Israelek eraso egin zion Marvi Marmara ontziari, eta bederatzi ekintzaile hil zituen. Nazioarteak gogor salatu zuen erasoaldia.

Aurreko su-etena amaitu eta hiru egun eskasera, bigarren menia luzea adostu dute bi aldeek Gazan. Bart gauerdian sartu zen hura indarrean, eta orduotan bi ordezkaritzak Kairon dira dagoeneko, elkarrizketetan parte hartzeko. Tarte honetan, ordea, ez da jarrera gerturatzerik izan. Israelek Hamas desarmatzeko eskatzen jarraitzen du, beste urratsik egin aurretik; eta palestinarrek, berriz, duela zortzi urte pasa hasitako blokeoa kentzeko, presoak askatzeko eta mugitzeko askatasuna bermatzeko eskatzen dute.

Erasoaren barealdia baliatuz, azken orduetan zaurituak artatu eta hildakoak lurperatzeko lanetan hasiak dira Gazako herritarrak. Gobernuz kanpoko langileek salatu dute hangoa "inoizko sarraskirik okerrena" izaten ari dela. Atzo bertan, gutxienez bederatzi palestinar hil zituen Israelek, tartean adingabeak.

Egoera ikusita, Arabiar Ligak larrialdiko bilera egitekoa du gaur Gazako egoeraz hitz egiteko.

Desadostasunak

Denak ez dira, ordea, eroso su-etenarekin. Israelgo Ekonomia ministro Naftali Bennett da horietako bat. Lehendik ere negoziazioen kontrako jarrera agertu izan du Bennettek, ohartaraziz Hamasek " berriz armatzeko" baliatzen dituela hizketaldiak: "Su-etena hitzartzea Hamasi gu bonbardatzeko 72 orduko argi berdea ematea da. Ez da beharrezkoa Hamasen gisako erakunde terrorista batekin hitz egitea. Gure aurka suziriak jaurtitzen dituen talde baten gisa tratatu behar da hura".

Menia indarrean zela, palestinar bat hil du Israelgo Poliziak, Nabulusen, Zisjordanian. Tel Aviveko iturriek zabaldu dutenez, polizia gizonezkoa atxilotzera zihoala hura tiroka hasi da. Segurtasun indarrek tiroz erantzun diote, eta hil egin dute. Gero, haren etxea bota dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna