Irak

Krisi politikoa lehertu da Iraken

Auzitegiek arrazoi eman diote Nuri al-Maliki lehen ministroari, eta agindu diote gobernua osatzeko eska diezaiola Masum presidenteari. AEBek estatuburuaren alde egina zuten aurretik, argudiaturik "beharrezkoa" zela aginte berri bat, Irakeko egoera baretzeko.

Nuri al-Maliki lehen ministroaren jarraitzaileak, Bagdaden, joan den ostiralean.
Nuri al-Maliki lehen ministroaren jarraitzaileak, Bagdaden, joan den ostiralean. Ali Abbas / FE

Berria -

2014ko abuztuak 11

Krisi politikoa eta giza krisia, biak lehertu dira Iraken. Estatu Islamikoak herrialdearen iparraldea bereganatzeko borrokan jarraitzen duen bitartean, hiriburuan Al-Malikik ez du etsi, eta botereari eusten jarraitzen du, Washingtonen nahiei aurre eginez.

Nazioarteak aspaldi esan zuen Nuri al-Maliki lehen ministroa ez zuela gustuko. Batasuneko gobernu bat osatzeko gai ez izatea egozten zion, eta horren frogak agerikoak dira. Zalantzazkoa da, ordea, beste inork halakorik lortuko ote duen. Era batera edo bestera, AEBek aldaketaren alde egin dute, eta babesa agertu diote Fuad Masum presidente berriari. Al-Malikik, ordea, leporatzen dio estatuburuari gobernua osatzeko epea "nahita" igarotzen utzi izana, Parlamentuak gobernuburua alda dezan.

Hain zuzen ere, horixe eskatzen zuten oposizioak eta Washingtonek. "Prozesu konstituzionala manipulatzeko ahalegin oro" gaitzetsi zuen Washingtonek atzo, nahiz eta lehen ministroaren izenik aipatu ez zuen. "Uste dugu beste gobernu bat osatzea dela Estatu Islamikoaren aurka egiteko modurik egokiena", nabarmendu zuen AEBetako Estatu Departamentuak, komunikatu baten bidez.

Auzitegiek, ordea, Al-Maliki lehen ministroari eman diote arrazoia, eta, beraz, presidenteak gobernua osatzeko beste aukera bat eman beharko dio behin-behineko gobernuburuari. Epaiaren arabera, Al-Malikiren alderdiak izango luke parlamentuan gehiengoa, eta, beraz, hari dagokio gobernua osatzea ere. Horrek hirugarren agintaldia betetzeko aukera emango lioke buruzagi xiitari.

Berez, egungo lehen ministroaren alderdiak irabazi zituen apirilean egindako hauteskundeak, baina legebiltzarreko gehiengoak ukatu egin dio gobernua osatzeko babesa.

Asteburuan, legebiltzarrak atzeratu egin zuen, beste behin, gobernuburu berria aukeratzeko saioa, eta oposizioaren haserrea eragin zuen. Bestetik, eta zenbait iturriren arabera, lehen ministroaren aldeko indarrak hiriburuan zabaltzen hasiak dira.

"Bizirik lurperatuta"

Borrokak gogortuz doaz herrialdearen iparraldean, eta dagoeneko milioi erditik gora dira etxetik ihes egin behar izan duten herritarrak. Jazidiak dira iheslari gehienak, eta Iraken menpeko Kurdistanen babestu dira. Iturri ofizialek salatu dute, bestalde, azken egunetan islamistek ehunka jazidi hil dituztela, euren erlijioari uko ez egiteagatik: "Batzuk bizirik lurperatu zituzten".

Kurduak dira orain islamisten etsai nagusiak. Atzo bertan, bi hiri berreskuratu zituzten islamisten kontrolpetik. Gwer eta Majmur lurralde autonomoko mugatik gertu daude, Kirkukera bidean. Egunotan, Mosul inguruko eremuak berenganatzea da kurduen helburu nagusia. Horretarako, AEBetako gerra hegazkinen laguntza izan dute.

Oraingoz, AEBak izan dira gatazkan zuzenean parte hartzea erabaki duen Mendebaldeko estatu bakarra. Beste batzuek, ordea, ez dute baztertzen Irakera armak bidaltzea, nahiz eta zuzenean parte hartu ez. Horietako bat da Frantzia. Hango Aterri ministroa Kurdistanen izan da azken orduotan, eta nabarmendu du "zail" dela "beraiek bezala pentsatzen ez duen edonor hiltzen dituzten ekintzaileen aurka egitea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna