Gazaren aurkako erasoaldia

Gazako gerra krimenak ikertuko dituen batzordea izendatu du NBEk

Israelek iruzurtzat jo du NBEren Giza Eskubideen Batzordearen ikerketa. Bitartean, zenbait iturriren arabera, ez atzera ez aurrera geratu dira bi aldeen arteko elkarrizketak Kairon.

Soldadu israeldarrak Gazako mugatik gertu. ABIR SULTAN / EFE
2014ko abuztuaren 12a
11:03
Entzun

Hamasek eraikitako tunelak suntsitzeko aitzakian, erietxe, eskola errefuxiatu gune eta etxebizitzak bonbardatu ditu Israelek, eta milaka zibil hil, asko eta asko haurrak. NBEko giza eksubideetarako mandatariak, Navi Pillayk nazioarteko legediari "desafio" egitea egotzi dio Tel Avivi, eta Palestinako agintariek eskatuta, gerra krimenak ikertzeko batzorde berezia osatu berri du.

William Schabas, nazioarteko legedian aditua den Kanadako irakaslea izango da taldeko burua eta harekin batera arituko da Doudou Diene senegaldarra, lehendik ere NBErentzako lanean aritu izan dena, giza eskubideen urraketak aztertzen. Hasiera batean zabaldu da, Amal Alamuddin abokatu britainiarra izan zitekeela taldeko hirugarren kidea, hark, ordea, ukatu egin du halakorik.

Hamaseko eledun Sami Abu Zuhrik txalotu egin du NBEren erabakia, eta "lehenbailehen" lanean hasteko eskatu du. Batzordeak, datorren urteko martxorako aurkeztu behar ditu emaitzak.

Israelek, ordea, "erabakia hartuta" izatea egotzi dio NBEko Giza Eskubideen Batzordeari, eta ikerketa "iruzurra" dela salatu du.

Negoziazioak

Bitartean, Kairon jarraitzen dute bi aldeetako ordezkaritzek. Zeharkako elkarrizketak ari dira egiten, Egiptoren eta nazioarteko hainbat ordezkariren bitartekaritzarekin. Israelgo iturriek zabaldu dutenez, ordea, ez atzera ez aurrera geratu dira bilera hauek.

Tel Avivek Hamas desarmatzeko eskatzen du, beste edozein pauso eman aurretik. Horrek, aldiz, blokeoa aritzea eta okupazioa amaitzea jarri ditu baldintza. "Bi aldeen arteko aldea handia da, eta ez gara aurrera egiten ari", azaldu du Israelgo negoziazio taldeko kide batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.