AEB

Liskarrak piztu dira Missourin, gazte beltz baten hilketaren ostean

Lekukoen arabera, armarik gabe zegoela eta bere burua entregatzera zihoala hil zuten gaztea, tiroka. Negar gasarekin eta egurrezko balekin erantzun die Poliziak manifestariei. Zenbait iturriren arabera, Poliziak bi pertsona tirokatu ditu bart.

Ferguson hiria hartu du Poliziak, eta
Ferguson hiria hartu du Poliziak, eta "eremu seguruak" ezarri ditu. Robert Cohen / EFE

Berria -

2014ko abuztuak 13

Saint Louis konderriko Ferguson hirian (Missouri, AEB), istilu larriak piztu dira, asteburuan Poliziak 18 urteko gazte beltz bat hil ostean. Lekukoen arabera, Michael Brownek ez zuen armarik, eta bere burua entregatzera zihoala egin zion tiro Poliziak.

Zenbait iturriren arabera, tiro bat baino gehiago zituen gazteak, eta aurkitutako bala guztiak Poliziarenak dira. "Poliziak ez digu ezer esan nahi izan, ez duelako esateko ezer", salatu du gaztearen amak. Brownekin batera zihoan gazte batek, berriz, adierazi du errepidetik zihoazela oinez, eta polizia patruila batek geldiarazi eta espaloitik joateko agindu ziela. Eztabaida baten ostean, ihesari eman zion Brownek, eta tiro egin zion Poliziak.

Aldiz, Poliziaren buru Jon Belmarren arabera, gazteak "eraso" egin zion Poliziari, eta hura geldiarazten ahalegindu zirenean, autotik egin zieten tiro.

Ez da halako lehen kasua. Duela hilabete, beste gazte beltz bat hil zuen Poliziak, New Yorken, hura ere armarik gabekoa, lekukoen esanetan.

Brownen hillketaren berri jakin eta berehala hasi ziren protestak auzoan, eta egunak joan ahala hiri osora zabaldu dira. Hirugarren egunez, Poliziak hiria hartu du, eta gogor erantzun die manifestariei, negar gasarekin eta egurrezko balekin. Zenbait iturriren arabera, Poliziak bi manifestariri egin die tiro gaur goizaldean. Ez dago haien egoeraren berririk. Hiru eguneko istiluetan zauritu eta atxilotu ugari izan dira.

Istiluek okerrera egin dutela ikusita, AEBetako presidenteak komunikatu bat plazaratu zuen, atzo Fergusongo herritarrei "lasaitasuna" eskatzeko. "Elkar indartu behar dugu eta zauriak sendatuko dituen moduan hitz egin, inori minik egin gabe. Otoitz egin behar dugu, hori baita Michaelek eta bere familiak merezi dutena".

Kontrolpean

Inguruko barrutietaik etorritako polizia ugarirekin indartu dute hiriko segurtasuna; Ed Kuntz, Saint Louiseko poliziaren bozeramaleak adierazi du, operazio taktiko berezietrako talde bat ere (SWAT) hedatu dela hirian zehar, datozen egunetan bart gauekoa ez errepikatzeko asmoz.

Ferguson hirian biztanleriaren gehiengoa beltzek osatzen dute; Polizian ordea zuriak dira gehienak. Tentsioa areagotuz joan da azken hilabeteotan hiritarren eta poliziaren artean, eta Michael Brown gaztearen heriotzaren osteko gaubeilan, lehertu egin da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna