MATEMATIKA

Maryam Mirzakhani irandarra da Fields domina irabazi duen lehen emakumea

Matematiken Nobel saritzat jotzen dute. Mirzakhanik "Riemannen gainazalean eta haren espazio modularretan eginiko aurrerapen bikainak" saritu dituzte.

Maryam Mirzakhani.
Maryam Mirzakhani. / mathunion.org

Berria -

2014ko abuztuak 13

Stanfordeko (AEB) Unibertsitateko irakaslea da Mirzakhani, eta beste hiru matematikari ere saritu dituzte: Martin Hairer, Artur Avila eta Manjul Bhargava. Avila da saria eskuratu duen lehen latinoamerikarra.

Nazioarteko Matematika Biltzarraren hasiera ekitaldian eman dute Fields dominaren aurtengo irabazleen berri. Bost mila matematikari batu dira biltzarrean, Seulen (Hego Korea), eta gaurtik hilaren 21era arte izango da batzarra. Lau urtetik behin ematen dituzte sariak.

"Albiste bikaina da. Emakumeak oraindik ez daude nahikoa presente ikerketa matematikoan, eta Mirzakhani eredu bat da, emakume gehiago lehen postuetara erakartzeko", esan du Ingrid Daubechies Nazioarteko Matematika Batasuneko presidenteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna