Irak

AEBek ez dute beharrezkotzat jotzen Sinjar mendiko milaka errefuxiatuak erreskatatzea

Washingtongo iturrien arabera, "uste baino gutxiago" dira Sinjarren babestutako errefuxiatuak, eta "espero baino osasun egoera hobean" daude, eta, beraz, ez da beharrezkoa haiek ateratzeko "operazio berezirik".

Irakiarrak ihesean, Sinjar mendi inguruan.
Irakiarrak ihesean, Sinjar mendi inguruan. Michel Reimon / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 14

AEBek amaitutzat eman dute islamistek Sinjar mendiaren inguruan ezarritako setioa, eta, aholkulari militarrek bertara egindako bidaiaren ostean, baztertu egin dute han aterpetutako errefuxiatuak erreskatatzeko "operazio berezia" egitea. Orotara 40.000 pertsona inguru daude mendian, eta aurreko egunetan haien osasun egoeraren inguruko kezka agertu dute Irakeko agintariek. Washingtonen arabera, ordea, "uste baino hobeto" daude errefuxiatuak, "bonbardaketa selektiboei eta eman diegun giza laguntzari esker".

Pentagonoak jakinarazi zuen atzo Sinjar mendian harrapatutako zibilak ateratzeko "larrialdiko operazioa" prestatzen ari zela, zeinak "pasabide segurua" irekiko zuen errefuxiatuak mendi aldetik irten ahal izateko.

Pentagonoak ia mila militar estatubatuar bidali ditu Irakera, Bagdadi "Estatu Islamikoaren aurkako borrokan laguntzera".

Irakeko giza krisia, berriz, hirugarren mailara igo du NBEk. Erakundeak uste du 1,2 milioi barne desplazatu eragin dituela azken hilabeteotako gatazkak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna