Istiluak AEB-etan

Brownen hilketa ikertzeko eskatu diote AEBetako Justizia Departamentuari

Ferguson hirian istiluak izan dira bart gauean ere. Atxilotuen artean bi kazetari eta zinegotzi bat daude. Bideoa: gaueko istiluak.

Berria -

2014ko abuztuak 14

Beste behin, negar gasa eta gomazko balak jauritu ditu Fergusongo (Missouri, AEB) Poliziak manifestarien aurka. Ehunka lagun bildu dira Eskuak gora, tirorik ez lelopean hiriko hainbat puntutan egin diren protestetan. Hiria poliziaren kontrolpean egonik, ordea, liskarrak lehertu dira haiek manifestazioak desegitera joan direnean.

Igandeaz geroztik 50 pertsona inguru atxilotu dituzte, tartean bi kazetari eta zinegotzi bat. Washington Post egunkariko Wesley Lowery da atzemandako kazetarietako bat. "Kazetari talde bat geunden McDonaldsean lanean, Polizia etorri eta bertatik ateratzeko agindu digunean. Gutako bi, ordea, ez gara haiek nahi adina azkar atera eta identifikatu eta atxilotu egin gaituzte", adierazi du Loweryk sare sozialetan.

Antonio French zinegotzia ere atxilotu egin du bart Poliziak. Hura ere liskarren nondik norakoen berri ematen aritu da azken egunetan.

Egoera okertuz doala ikusita Kongresuko diputatu talde batek eskatu dio Justizia Departamentuari Michael Brown 18 urteko gaztearen heriotza ikertzeko. "Ez da lehen aldia Polizia Departamentuak arrazakeriak bultzatutako jokatzen duen susmoa zabaltzen dela", ohartarazi du taldeko buru Martha Fudgek.

Bien bitartean, Poliziak uko egin dio gazte belatzaren aurka tiro egin zuen agentearen datuak argitara ateratzeari, argudiatuz horrek "arriskuan" jarriko lituzkeela agentea eta haren familia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna