IPARRALDEKO IKASTOLAK

Ziburuko ikastola berriz ere auzitara eraman du udalak

Ziburuko Herriko Etxeak auzitara eraman du Kaskarotenia ikastola, Paueko Auzitegi Administratibora. Guy Poulou Ziburuko auzapezak eskatu du epaiketa "lehenbailehen" egiteko.

Ziburuko ikastolako kideak eta haien abokatuak Baionako epaitegian, joan den astean.
Ziburuko ikastolako kideak eta haien abokatuak Baionako epaitegian, joan den astean. / Sylvain Sencristo

Itxaso Cuevas -

2014ko abuztuak 21

Ziburuko ikastolako lehendakari Laida Mugikak Ipar Euskal Herriko Hitza-ri adierazi dionez, Ziburuko Herriko Etxeak auzitara eramango du ikastola berriz ere. Prentsaren bidez jakin du berria Mugikak. Ikastolak eta Seaskak ez dute gutunik jaso, ez eta informaziorik ere auzi horren inguruan.

Mugikak adierazi duenez, auzi hau ez da lehen auziaren helegitea, baizik eta beste prozedura bat, beste auzitegi batera bidaliko dituztelako. Baliteke orain “beste elementu batzuk izatea ikastolaren aurka”, baina, “mementoko”, ez Seaskak ez Ziburuko ikastolak ez dute informaziorik.

Ziburuko Ikastolako lehendakaria “harritua” eta “desolatua” azaldu da Guy Poulou auzapezak hartutako erabakiarekin. Presazko auzia izan dadila eskatu du Poulouk. Mugikak adierazi duenez, “desolatuak dira" auzapeza eta haren ondoko hautetsiak prest baitira "eskola sartzea baino hamar egun lehenago hamabi haur kanpoan uzteko”. Mugikak gaineratu du Poulouk nahiago izan duela auzitegien bidea segitu, ikastolak auzapezari elkarren artean hitz egitea proposatu arren.

Aurretik herriko etxeak Baionako epaitegietara jo zuen, argudiatuz udalak ikastolari utzitako lokala "epez kanpo" baliatu zuela hark. Baina auzapezak ikastolari eman zion arrazoi. Aldi hartan epaileak erabaki zuen gaia "konplexuegia" zela epaitegi horretan erabakitzeko, eta, beraz, "sakoneko epaitegi" batean aztertu beharrekoa zela berriz aztertzekotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna