MUNDUA

Gerra krimenak egitea egotzi die NBEk Estatu Islamikoari eta Siriako Gobernuari

Eraso kimikoak egitea eta exekuzioak "ohiko ikuskizun" bilakatzea egotzi die Nazio Batuen Erakundeak Al-Assaden gobernuari eta Estatu Islamikoari.

Siriako armadako soldadu bat, Damaskon. YOUSSEF BADAWI / EFE
2014ko abuztuaren 27a
11:37
Entzun

Nazio Batuen Erakundeko ikerlari talde batek eginiko txosten batean salatu dituzte Siriako Gobernua eta Estatu Islamikoa. Baxar al-Assaden gobernuari dagokionez, zibilak bizi diren guneetan substantzia kimikoak zituzten bonba-upelak jaurtitzea egotzi diote. Apirilekoak dira NBEk salatutako erasoak, eta uste dute kloroa sartu zutela upeletan.

Gainera, Siriako Gobernuaren mende dauden espetxeetan preso ugari hil dituztela salatu du NBEk. 2011 eta 2013 arteko 27.000 argazki aztertu dituzte, eta frogatutzat jo dute "tortura sistematikoak" egiten dizkietela eta preso ugari hil direla.

Estatu Islamikoari, berriz, jendaurrean anputazioak eta exekuzioak eginez Siria iparraldean beldurra zabaltzea aurpegiratu dio NBEk. Ondoren, hiru egunez hildakoen gorpuak erakusten dituztela azaldu dute ikertzaileek. Paulo Pinheiro ikerketa batzordearen buruak nabarmendu du milizia "arrisku argia" dela zibilentzat, bereziki gutxiengoentzat.

Siriako gatazka hasi zenetik egin duten zortzigarren ikerketa batzordea da, eta Genevan (Suitza) aurkeztu dituzte txostenaren ondorioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.