UKRAINAKO KRISIA

"Errusiaren inbasioari" buru egiteko, NATOn sartzeko pausoa eman du Ukrainak

Aliantza Atlantikoan sartzeko lege proposamena bidali du gobernuak parlamentura. Erakundera sartzeko atea zabalik utzi du Rasmussenek.

Gianni Magazzeni, Nazio Batuen Erakundeak eginiko txostenaren ondorioak aurkezten.
Gianni Magazzeni, Nazio Batuen Erakundeak eginiko txostenaren ondorioak aurkezten. Martial Trezzini / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 29

Ukrainako Gobernuak lege proiektu bat aurkeztu du Ukrainako Parlamentuan, NATOn duen neutraltasun estatusa utzi eta aliantzako kide izateko. Hala iragarri du Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak. Viktor Yuxenko herrialdeko presidente zeneko garaian ekin zion Ukrainak NATOko kide izateko prozesuari.

Hori horrela, aliantza militarrak ateak ireki dizkio herrialdeari, gogoraraziz 2008an erabaki zuela NATOk Ukraina onartzea. "Ez naiz Ukrainako eztabaida politikoetan sartuko, baina utzidazue gogorarazten 2008an Bukaresteko goi bileran NATOk hartutako erabakia; horren arabera, Ukraina NATOko kide izango da hala nahi badu eta beharrezko baldintzak betetzen baditu", esan du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkariak.

Iragan apiriletik aste honetara arte, 2.593 lagun hil dira Ukraina ekialdeko lurraldeetako gatazkan. Hala zehaztu du Nazio Batuen Erakundeak, argitaratutako txosten batean. Agiri horren arabera, liskarrak ugaritu egin dira azken sei asteetan, eta uztailaren 16tik abuztuaren 17ra 36 lagun hil dira egunean; aurreko hilabeteetan baino %300 gehiago. Txostenean ez dituzte kontuan hartu uztailaren 17an Malaysian Airlines konpainiako hegazkinean zihoazela hildako 298 lagunak.

Ekialdeko matxinoek nahiz Errusiako armadak eginiko giza eskubideen urraketak salatu ditu NBEk. Liskarretatik kanpo errusiazaleek "hilketak, bahiketak eta tortura fisiko eta psikologikoak" egiten dituztela ohartarazi du NBEk, eta kaltulatu du 468 lagun dauzkatela bahituta. Ukrainako armadari egotzi dio, berriz, "gehiegikeriak" egin izana errusiazaleen kontrolpean zeuden lurraldeak berreskuratzeko. Gainera, erakundeak ohartarazi du errusiazaleak etengabe armak eta munizioa jasotzen ari direla.

Bestalde, Ukrainak eta NATOk Errusiari egotzi diote Ukrainako muga igaro izana; hori "ustea" baino ez dela erantzun die Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak: "Behin baino gehiagotan entzun ditugu uste ezberdinak, baina behin ere ez dizkigute gertakariak aurkeztu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna