DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Benicio del Torok jasoko du Donostia saria

'Escobar: Paradise Lost' filmeko protagonista da aktorea; Perlak sailari emango dio amaiera film horrek.

Benicio del Toro, 'A perfect day' filmean lanean.
Benicio del Toro, 'A perfect day' filmean lanean. Chema Moya / EFE

Berria -

2014ko irailak 2

Escobar: Paradise Lost filmak emango dio amaiera Perlak sailari Donostiako 62. Zinemaldian. Andrea di Stefanok idatzi eta zuzendu du pelikula, eta protagonistak Benicio del Toro Oscar sariduna (Pablo Escobarren rola jokatuko du), Josh Hutcherson (Hunger Games), Claudia Traisac eta Carlos Bardem izango dira.

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak esana zuen beste Donostia sari bat ematekoak zirela. Jakina zen Denzel Washington aktorea izango dela horietako bat, eta gaur jakinarazi dute Benicio del Toro izango dela bestea.

Benicio del Torok kritikarien gorazarrea eta hainbat sari lortu ditu bere ibilbidean. Ameriketako Estatu Batuetako Zinema Akademiak antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria eman zion, Steven Soderberghen Traffic pelikulagatik, eta Alejandro Gonzalez Iñarrituren 21 Grams filmean egindako lanagatik Oscar sarietarako izendatu zuen. Aurrerago, Soderberghekin berriro lan egin zuen, Che Guevarari buruzko Che film biografikoko protagonista gisa.

Bere interpretazioagatik 2008ko Cannesko zinema jaialdiaren bukaerako ekitaldian gizonezko aktore onenaren Urrezko Palmorria jaso zuen, eta, hurrengo urtean, gizonezko aktore onenaren Goya saria. Del Toro Joe Johnstonen The Wolfman filmeko protagonistetako bat izan zen, Emily Blunt eta Anthony Hopkinsekin batera, eta Oliver Stoneren Savages filmean Lado pertsonaia nagusiaren rola jokatu zuen.

Del Toro Puerto Ricon jaio eta Pennsylvanian hazi zen. Kaliforniako Unibertsitatera joan zen (San Diego), eta han, ikasleek sortutako lan askotan aritu zen. Horietako bati esker, New Yorkeko Lafayette antzokiko antzerki jaialdi batean parte hartu zuen. Stella Adler kontserbatorioan ikasi zuen, Arthur Mendoza tutore zuela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna