PROZESU SUBIRANISTA ESKOZIAN

Eskoziako erreferendumean izango da Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat

Eskoziako alderdi nagusiekin batzartuko da Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzarako idazkaria.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Adrian Ruiz de Hierro / EFE

Jon O. Urain -

2014ko irailak 2

Bi aste falta dira Eskoziako independentziari buruzko erreferendumerako, eta Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bat bidaliko du egun horietan bertara. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian eman du horren berri.

Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzarako Idazkaritzak osatuko du ordezkaritza hori, eta Eskoziako hiru alderdi nagusiekin —SNP Eskoziako Alderdi Nazionala, Alderdi Laborista eta Alderdi Kontserbadore Unionista— bilduko dira. Erkorekak ez du zehaztu Jaurlaritzaren ordezkaritza zein egunetan izango den Eskozian.

Jaurlaritzaz gain, erreferendumean Eskozian izango direla iragarri zuten EH Bilduk eta EAJk ere. EAJtik Andoni Ortuzar alderdiko burua joango da, Joseba Aurrekoetxea eta Iñaki Goikoetxea alderdikideekin batera. EH Bilduk ez du oraindik zehaztu nortzuk joango diren, baina Oskar Matute legebiltzarkideak adierazi zuen "Euskal Herriko, Eskoziako zein Kataluniako erabakitzeko eskubidearen alde egiten duen apustuaren erakusgarri" izango dela EH Bilduk bidaliko duen ordezkaritza.

Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi izateko hautagaiak kritika egin zien bi alderdiei, "turismo independentista" egitea egotzita. Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak, berriz, "joan nahi duena joan dadila", esan zuen; "errespetatzen" duela alderdi horien erabakia, baina Eusko Legebiltzarrak ez lukeela ordezkaritzarik bidali beharko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna