PRESOEN ESKUBIDEAK

Sare ere, jomugan

Topaguneak hilaren 20rako sakabanaketaren aurka Bilbon deitu duen ekitaldia debekatzeko eskatu du Urkijok. Gutuna helarazi dio Aresori.

Sareko kideak, Bilbon, irailaren 20ko ekimena aurkezten.
Sareko kideak, Bilbon, irailaren 20ko ekimena aurkezten. Aritz Loiola / Argazki Press

Enekoitz Esnaola -

2014ko irailak 4

Plataformaren sustatzaileetako bat da Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia, eta hark jakinarazi du, Twitterren, zein asmo duen Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak: "Urkijo, berriro erasora. Gobernuaren ordezkariak Sareren Bilboko irailaren 20ko ekitaldia debekatu nahi du. Presentzia masiboarekin erantzun dezagun".

Ondoren, Sare plataformak berak salatu du Urkijorenak bezalako jarrerek "edozein aldarrikapen demokratikoren debeku eta zentsuran oinarrituriko iraganeko garaietara" daramatela gizartea: "Aldarrikapen demokratikoa da euskal presoen dispertsioa amaitu eta euren giza eskubideen errespetua gauzatu dadila eskatzea".

Plataformak azaldu du ez dela eroriko "inolako probokaziotan", eta herritarrei dei egin die "beldur" mezuen gainetik erantzun "masiboa" ematera. Bestalde, Espainiako Gobernuari eta PPri eskatu die herritarrek "esperantza eta ilusioz" bizi duten "egoera berrira" egokitu ditzatela politikak: "Antzinako errezetek ez dute balio askea den herritarren borondatea eragozteko".

Ekainean aurkeztu zuten plataforma, Donostian. Helburua "euskal preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetuko duen herri sare bat ehuntzea" dela azaldu zuten han. Horren harira, irailaren 20ko data "gordetzeko" deia zabaldu zuten, egun horretan "gertaera garrantzitsu bat" izango delakoan. Ez dute eman ekitaldiaren xehetasunik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna