UKRAINAKO KRISIA

Su-etenari eutsi diote Ukrainan, liskar gutxi batzuk izan arren

Petro Poroxenkok eta Vladimir Putinek adierazi dute menia «oro har» bete egin dela. Halere, bi aldeek erasoak egin izana leporatu diote elkarri. Borroketan gutxienez 15 lagun hil direla salatu dute.

Ukrainako armadako soldaduak, Debalcevon.
Ukrainako armadako soldaduak, Debalcevon. Roman Piliey / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 6

Akordioa izenpetu eta biharamunera, adostutako menia betetzen ari dela baieztatu dute Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Telefonoz izandako elkarrizketa batean, su-etena iraunkorra izateko eman beharreko pausoez jardun dute bi agintariek.

Su-etena hautsi izana egotzi diote elkarri, ordea, matxinoek eta Errusiako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluak. Alexandr Zajartxenko Donetsk eskualdeko errusiazaleen buruzagiak esan du akordioa ez dela "guztiz" errespetatzen eta "goiz" dela borrokaldiak eten direla esateko. Izan ere, jakinarazi du Ukrainako armadak Amvrosievka hiriari eraso egin diola.

Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluko bozeramaile Andrei Lisenkok salatu du Ukrainako armadaren posizio ugariri eraso egin zietela ostiral gauez, baina aitortu du su-etenaren agindua ez zela oraindik unitate guztietara iritsi.

Nolanahi ere, su-etena oro har errespetatzen ari direla azaldu du Lisenkok: "Operazio antiterroristaren indarrak menian daude, komandante gorenaren [Poroxenko] aginduak betez".

Protokoloaren arabera, nazioarteak su-etena betetzen ote den ziurtatuko du, eta bi aldeek gatibu hartutakoak trukatuko dituzte, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna