ESKOZIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Lehen aldiz, baiezkoa aurretik Eskozian

'YouGov'-ek 'The Sunday Times' egunkarirako eginiko inkestaren arabera, %51 dira Eskozia estatu independente izatearen aldekoak.

Eskoziaren independentziaren aldeko kanpainaren baitan, baiezko mezua Burntislanden.
Eskoziaren independentziaren aldeko kanpainaren baitan, baiezko mezua Burntislanden. / Yes Scotland

Jon O. Urain -

2014ko irailak 7

Irauli dira inkestak. Irailaren 18an egingo dute Eskozia estatu independente izateari buruzko erreferenduma, eta aurrenekoz argitaratu da independentziazaleak nagusituko direla dioen inkesta bat. The Sunday Times kazetak eman du YouGov atariak egindako inkesta baten berri, eta, horren arabera, %51 dira "Herrialde independentea izan behar al luke Eskoziak?" galderari baiezkoa erantzungo diotenak, eta %49 unionismoaren aldekoak. Zalantzatiak alde batera utzi dituzte.

Erreferenduma gerturatu ahala ari da hazten independentziaren aldeko joera, bereziki Alistair Darling Better Together kanpaina unionistaren burua eta Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak egin zuten bigarren eztabaidaz geroztik. BBC telebista katean izan zuten solasaldia abuztuaren 25ean, eta harrezkero, Eskozia independentearen aldekoen kopuruak gora besterik ez du egin.

Honakoa da abuztuaren 25eko eztabaida, osorik:

Eztabaidaren gauean bertan, The Guardian egunkariak egin zuen inkesta bat; %71k jo zuten Salmond garailetzat. Abuztuaren 29an, berriz, Daily Mail-ek argitaratutako inkestak inoiz baino gertuago jarri zituen baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoen kopuruak; zalantzatiak alde batera utzita, %47 ziren independentziaren aldekoak eta %53 Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoak.

Milioi bat atxikimendu

Inkestetan aurretik izatetik oso urrun zegoen independentismoa duela urtebete. Hain justu YouGov-ek berak 2013ko irailean argitaratutako inkesta baten arabera, zalantzatiak baztertuta, %38 ziren indepenentziaren aldekoak orduan; hamabi hilean %13 hazi da, beraz, kopuru hori.

2011ko maiatzean eskuratu zuen gehiengo absolutua SNPk. 2012an ekin zion independentzia erreferenduma egiteko bideari, eta erronka bat jarri zuen orduan Salmondek: milioi bat atxikimendu biltzea. "Behin hori lortuta, lagunok, Eskozia independente bat irabazi beharko genuke", gaineratu zuen lehen ministroak. Iragan abuztuaren 22an lortu zuten kopuru hori gainditzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna