ESKOZIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Koroa, "neutral"

Independentziari buruzko eztabaida eskoziarrei dagokiela argudiatuta, kanpainan ez sartzea erabaki du Elizabeth II.a erreginak.

Erdian, Erresuma Batuko erregina, Edinburgon.
Erdian, Erresuma Batuko erregina, Edinburgon. / Robert Perry/EFE

Jon O. Urain -

2014ko irailak 10

Irailaren 18ko independentzia erreferendumari begira, kanpaina betean daude Eskozia estatu independente izatearen aldekoak nahiz kontrakoak. Horren adierazle da gaur bertan Eskozian izango direla Erresuma Batuko alderdietako buruzagi ugari, nork bere aldetik unionismoaren aldeko kanpaina eginez.

Astelehenean Eskozian izan zen Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohia, boto laboristak —alderdi horretakoa da Brown— ezezkora erakartzeko. Gaur, berriz, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa, Ed Miliband Alderdi Laboristako burua eta Nick Clegg liberal-demokraten burua izango dira Eskozian. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak iragarri du bisita horiek guztiek aditzera ematen dutela unionismoa nora ezean dagoela, eta independentismoari egingo diotela mesede.

Eztabaidan parte hartzea baztertu duena, ordea, Elizabeth II.a Erresuma Batuko erregina da. Atzo hitz egin zuen gaiaz, independentzia eskoziarrei dagoekien gaia dela eta koroa "neutrala" dela argitzeko. Nolanahi ere, Salmondek atzo bertan oroitarazi zuen Eskozia independentean ere Elizabeth II.ak Eskoziako erregin izaten jarraituko lukeela.

Espainiakoa, "partzial"

Neutraltasun horretatik urrun izan da, ordea, Espainiako koroa Kataluniako prozesu subiranistan. Espainiako Konstituzioak erregeari erakundeen funtzionamendua "moderatzeko" eskumena ematen badio ere, Juan Carlos I.a —ekainera arte Espainiako errege zena— argi mintzatu izan da unionismoaren alde.

2012ko irailean idatzitako gutun batean, Juan Carlos Borboikoak, Kataluniako prozesuaren inguruan, esan zuen orduko testuinguru ekonomikoan egin daitekeen okerrena "txarrena indarrak bereiztea, desadostasunak sustatzea, ameskeriei jarraitzea eta zaurietan sakontzea" dela.

Bestelako jarrera bat erakutsi nahi izan du egungo erregeak, Felipe VI.ak, funtsean unionismoaren defentsari jarraipena eman badio ere. Errege izendatzeko egunean eginiko diskurtsoan, esan zuen Espainian "espainiar sentitzeko modu ezberdinak" kabitzen direla: "Sentimenduek, are gehiago Europako eraikuntzaren garaian, ez baitute zatitu edo baztertu behar".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna