Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua 1.800.000 kataluniar kalean galdeketaren alde

Publizitatea

Mundua

KATALUNIAKO DIADA

1.800.000 kataluniar kalean galdeketaren alde

Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, inoizko handiena izan da aurtengo Diada. Jendetzak aise gainditu du izena eman zutenen kopurua Diagonalen eta Kale Nagusian. Azaroaren 9ko galdeketari eusteko eskatu diote Artur Masi.
V erraldoia, goitik. /
V erraldoia, goitik. / EFE-TV3

2014-09-11 / Berria

Bartzelona gorriz eta horiz koloreztatu dute milaka eta milaka herritarrek, senyera irudikatuz. Diagonalen eta Kale Nagusian bi zutabe osatu dituzte parte hartzaileek, eta, espero bezala, 17:14an V erraldoi bat bistarazi dute. Hamaika kilometroko V bat. Momentu horretan, Ara és l'hora abestu du abesbatza batek, eta, jarraian, neska gazte batek azaroaren 9ko galdeketa irudikatu du hautetsontzi sinboliko batean botoa emanez, bi zutabeak elkartzen diren tokian, Les Glories plazan.

Plaza horretan, gainera, 947 hautetsontzi jarri dituzte. Hautetsontzi bakoitzarekin, Kataluniako herri bakoitza irudikatu nahi izan dute, azaroaren 9ko galdeketari keinu eginez. V-a osatu eta minutu gutxira olatua egin dute mosaikoan izan diren lagunek —GigaOnada izena eman diote—; txaloak eta independentziaren aldeko oihuak izan dira. Senyera-k ez ezik, ikurrinak ere ikusi dira.

V-a desegiten hasi denean ireki dituzte hiru agertokiak: Votar (Bozkatu), Voluntad (Borondatea) eta Victoria (Garaipena). Hitzaldiak egin dituzte horietan, erabakitze eskubidea ardatz. Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteak adierazi duenez, "prest" daude azaroaren 9an bozkatzeko. Esan du ez dutela onartuko herri batean "nahi demokratikoa" zapuztea. "Askatasuna ezin da negoziatu". "Guztion proiektua da; herrialde berri bat egingo dugu guztion artean", gaineratu du. Els segadors Kataluniako ereserki nazionala abestu dute bukaeran.

Jai giroa nagusitu da Bartzelonan arratsaldean. Kataluniatik ez ezik, beste hainbat txokotatik ere iritsi dira herritarrak V-an parte hartzeko. 1,8 milioi izan dira Udaltzaingoaren arabera; Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzaren aburuz, 470.000 eta 520.000 artean. 17:14 gerturatu ahala, are koloretsuago bihurtu da hiria.

Ekitaldiak, goizetik

Eguerdian, Aliantza Nazionalak manifestazioa egin du Ravalen; faxismoaren aldeko banderak atera dituzte 30 bat lagunek. Ez da izan istilurik. Manifestazio horri aurre egiteko, faxismoaren kontrako elkarretaratze bat ere egin dute —hori babestu dutenen artean daude CUP eta EUiA alderdiak—. Diadako ekitaldi instituzionalean parte hartu du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak goizean.

Diadaren arretik, Jaume Marfany ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko lehendakariordea itxaropentsu ageri zen Diadari begira. 530.000 inguruk emana zuten izena; iaz baino 80.000 gehiagok, beraz. BERRIAri eginiko adierazpenetan, aurtengo Diadaren garrantzia azpimarratu du Marfanyk; "azken hiru mendeetako garrantzitsuena" dela uste du, "azaroaren 9an bozkatzeko borondatea berretsi" egingo dutelako.

Diadaren aurreko ekitaldiak

Fossar de les Moreres izan da aldarrikapen gune Diadaren bezperan. Lore eskaintza egin dute 1714an Bartzelonako setioan hildako "heroien" omenez, eta horretan parte hartu dute Artur Mas Kataluniako presidenteak, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Xavier Trias Bartzelonako alkateak. Ekitaldian izan dira PSC, PP eta Ciutadans alderdietako ordezkariak ere. Gune horretan independentistek egin ohi dute urtero ekitaldia.

Masek berretsi du galdeketara deitzeko konpromisoa "irmoa" dela, eta, haren arabera, "akatsa" litzateke hura debekatzea. "Bozkalekuetan irtenbidea ikusten dutenei botoa ukatzea akats bikoitza da". Presidentearen nahia "batasuna ez arrakalatzea" da, eta, are gehiago, batasun hori zabaltzea, "gehiengoaren nahiei erantzuteko" asmoarekin.

Masen arabera, prozesu subiranista aukera bat da "Katalunia hobe bat" eraikitzeko, eta mezua igorri dio Espainiako Gobernuari: "Oraindik garaiz dabil [Kataluniako herriaren] deiadar baketsu eta demokratikoa entzuteko".

Gaiarekin zerikusia duten albisteak