ESKOZIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Erreferendumerako izen emateak, inoiz baino gehiago

4.285.323 pertsona erregistratu dira Eskozian irailaren 18an botoa emateko. Eskoziako bozetan inoiz ez du hainbeste jendek izena eman.

Independentziaren aldeko bat, Salmonden atzoko mitinean. /
Independentziaren aldeko bat, Salmonden atzoko mitinean. / Andy Rain/Efe

Jon O. Urain -

2014ko irailak 11

Posta bidez botoa eman dutenen kopurua inoiz baino handiagoa da: 789.024 herritarrek baliatu dute bide hori, Erresuma Batuko Hauteskunde Batzordeak azaldu duenez. 5,2 milioi biztanle ditu Eskoziak, eta 16 urtetik gorakoek eman ahal izango dute botoa.

2.608 hautesleku izango dira herrialde osoan zehar, eta zabalik izango dira 07:00etatik 22:00etara —08:00etatik 23:00etara Euskal Herrian—. Hilaren 18tik 19rako gauean zenbatuko dituzte botoak.

Eskozia "historia egiteko atarian" dagoela esan du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak, nazioarteko hedabideen aurrean eginiko agerraldi batean: "Munduko begiak Eskoziara begira daude. Eta eztabaida artikulatu, baketsu eta indartsua ikusten ari dira". Salmonden ustez, independentziaren aldekoak gehiago izango dira datorren ostegunean, "ezetzaren azken orduko promesek ez dutelako inor engainatuko herrialde honetan".

Beste sezesio mugimendu batzuen hauspo

Eskoziako prozesu subiranista interes handiz jarraitzen ari da nazioartean, eta, hain zuzen, munduko mugimendu independentistei erreparatu die The New York Times egunkariak. Kurdistandik Texasera, eskoziarrek separatistak hauspotzen dituzte artikulua argitaratu du kazetak, eta Euskal Herriaren kasua du aipagai bertan.

Artikuluan, kazetak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoak gobernu abertzalea duela eta Espainiak burujabetzari buruzko galdeketarik ez duela onartu. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Eskoziari buruz esandakoak ere biltzen ditu artikuluan: "Euren etorkizuna erabakitzeko aukera dute". 2012ko inauterietan Ortuzarrek Eskoziako gona jantzi zuela oroitaraziz, haren hitzak jaso ditu: "Hori da autodeterminazioa. Hori da eskatzen duguna".

Besteak beste, Katalunia, Kurdistan, Flandria, Tirol eta Quebecen kasuak ditu aztergai egunkariak, eta herrialde horietako ordezkari politikoek Eskoziako balizko independentziaren eraginaz duten iritzia bildu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna