KATALUNIAKO DIADA. ERREAKZIOAK

Ezer gertatu ez balitz bezala segitu asmo du Espainiako Gobernuak

Kontsulten Legea oztopatuko duela iragarri du Madrilek. Balizko debekuari "batuta" erantzun nahi dio Masek, berme demokratiko oro beteta.

V erraldoia

Oihan Vitoria -

2014ko irailak 14

11 kilometroko senyera erraldoia egin dute Bartzelonan, eta azaroaren 9an hautetsontziak ateratzeko eskatu diote Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteari. Udaltzaingoaren arabera, 1.800.000 lagun bildu dira.

Biharamunean, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak hausnartzeko eskatu dio Kataluniako Parlamentuari, Kontsulten Legearen inguruan. "Zalantzak" ditu konstituzioaren aldekoa ote den. Berretsi du ez dutela jarrera aldatuko, gobernu guztiek dutelako legea bete eta betearazteko "obligazioa": "Gobernuak legeei eta Konstituzioari lotuta daude, hau eta beste edozein, une honetan edo etorkizunean, Espainian edo Katalunian". Parlamentuak aurrera egiten badu, helegitea aurkezteko prest agertu da.

Saenz de Santamariaren arabera, Espainiako Gobernuak "errespetatu" egiten du atzo Kataluniako kaleetara irten zirenen "eskubidea", baina aldi berean, gogorarazi du gobernuak ezin duela bere jarrera "apetagatik" aldatu.

Masek berak ere hitz egin du, RAC1 irrati katean. Galdeketaren inguruan, Masek esan du "ziurra" dela kataluniarrek bozkatuko dutela, baina "beste kontu bat da zein baldintzatan"; izan ere, argudiatu du hainbat gai ez daudela Kataluniako Gobernuaren esku.

Masek azaldu du galdeketak berme demokratiko guztiak izatea duela helburu, inork ezin dezan auzitan jarri emaitza. Edonola ere, jakinarazi du "galdeketara deitzeko baldintzak beste batzuen eraginez aldatuko balira" galdeketaren aldeko alderdi guztiekin adostuko lukeela horri zein erantzun eman.

Oriol Junqueras ERCko burua ere RAC1-n mintzatu da. Esan du "pentsaezina" dela ez bozkatzea, argudiatuta ez bozkatzeak ez duela arazorik konpontzen: "Ezinbestekoa da herritarrek euren etorkizuna erabaki ahal izatea".

Fiskaltzaren oharra

Irailaren 19an egingo dute Kataluniako Parlamentuan Kontsulten Legea onartzeko bilkura, eta espero da handik ordu gutxira sinatzea Masek azaroaren 9ko galdeketarako dekretua. Espainiako Gobernuak iragarri du bi helegite aurkeztuko dituela Auzitegi Konstituzionalean; bata legearen kontra, eta bestea dekretuaren kontra. Konstituzionalak galdeketa debekatuta, Kataluniako erakundeek zer egin; horixe da zalantza.

Kasu horretan, desobedientziara deitu zuen Junquerasek, baina aukera horren inguruan oharra egin du Eduardo Torres Dulce Espainiako fiskal nagusiak Ser irrati katean. Ohartarazi du Konstituzionalaren debekua urratuz gero fiskaltzak esku hartuko duela, "Zigor Kodearen tresna guztiak" erabiliz: "Aurrena, ikusi beharko da zein den auzitegiaren erabakiaren edukia, ez baita gauza bera zerbait bertan behera uztea edo zerbait bertan behera uzteko baldintzak jartzea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna