Euskal presoak

Sakabanaketaren aurka gaur zortzi jendetza bilduko dela ziur da Sare

Bilbon egingo den ekitaldian arlo politiko, juridiko eta kultural askotako pertsonak batuko direla iragarri du. Joateko eskatu du Etxerat-ek.

Sakabanaketak istripuak eragiten dituela salatzeko ekintza bat, 2012an. /
Sakabanaketak istripuak eragiten dituela salatzeko ekintza bat, 2012an. / Gari Garaialde/Argazki Press

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko irailak 12

Eskubideak aldarrikatzea herritarren "betebeharra" dela adierazi dute Joseba Azkarragak eta Asun Landak. Horregatik hurrengo asteko larunbat arratsalderako Bilbao Arena pabiloian presoen sakabanaketaren aurka Sarek prestatu duen ekitaldia egin egingo dela seguru daude antolatzaileak. Carlos Urkijoren eskariz Estatuko abokatuak debekatzeko egin duen eskakizunari ez diotela bide emango auzitegiek. "Ez dugu B planik pentsatu, seguru gaudelako egingo dela".

Akusatzaileek esan dutenaren aurka, ekitaldia ez dela inor umiliatzeko azaldu dute Joseba Azkarraga Justizia sailburu ohiak eta Asun Landa irakasle izanak herri ekimenaren izenean. Eskubide bat aldarrikatzeko ekitaldia dela adierazi dute, eta hori, legezkoa ez ezik, herritarren betebeharra ere badela.

Hortaz, "errezeta zaharretan" eta liskarrean jarraitu nahi dutenen jarrera ez du ulertzen Sarek. Herritar gehien-gehienek elkarbizitzan eta eskubide guztien errespetuan sakondu nahi dutela esan, eta horrekin bat egiten duten  pertsona guztiei egin die deia hilaren 20an 18:00etan Bilboko Miribilla auzoan dagoen Bilbao Arena pabilioira joateko. Mobilizazioa jendetsua, askotarikoa eta bestelako egoera baterako mugarria ere izango dela uste dute.

Ekitaldian "eremu politiko, instituzional, akademiko eta kultural askotako pertsonek" parte hartuko dutela iragarri dute.
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna