UKRAINA

Su-etena zigorrekin "aztoratu" nahi izatea egotzi dio Errusiak Bruselari

Ukraina eta errusiazaleak gatibu harturikoak trukatzen ari dira. Negoziatzen jarraitzen dute.

Ukrainako armadako soldadu bat, artxiboko irudi batean. /
Ukrainako armadako soldadu bat, artxiboko irudi batean. / ROMAN PILIPEY/EFE

Berria -

2014ko irailak 12

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Europako Batasunaren azken zigorrak gaitzetsi ditu. Haren arabera, su-etenaren ondoren egoera "egonkortasuna" irabazten ari da, baina halako zigorrekin "bake prozesua aztoratu" nahi izatea leporatu dio EBri. Rusia 1 telebista katean egin ditu adierazpenok. Gainera, Lavrovek iragarri du Moskuk "lasai eta egoki" erantzungo diela zigor horiei, eta batik bat, euren interesak babestuko dituztela.

Errusiaren kontrako zigor berriez ere mintzatu da Petro Poroxenko Ukrainako presidentea. Haren arabera, Europako Batasunak Errusiaren kontra onartutako zigorrek erakusten dute Europak Ukraina babesten duela. Uste du Europarentzat "lehentasuna" direla.

Bien bitartean, preso hartutakoak trukatzen jarraitzen dute bi aldeek. Su-etena hitzartu zutenean, akordioak biltzen zuen puntuetako bat preso hartutakoak askatzeari zegokion. Hori betez, trukatze hori gauzatzen ari dira bi aldeak. Matxinoek 57 lagun aske utzi dituzte Donetsk hiriaren iparraldean dagoen kontrolgune batean, eta hurrengo astean beste 500 izango dira. Errusiazaleek 1.200 gatibu askatu dituzte azken egunetan.

Donetskeko Herri Errepublikak truke hori baieztatu du, eta jakinarazi du Ukrainak ere aske utziko dituela matxinoetako batzuk. Biharko espero da trukatzea amaitzea.

Gainera, Poroxenko baikor agertu da bi aldeak izaten ari diren negoziazioen gainean. "Ziur nago emaitza positiboak lortuko ditugula".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna