Azken gerraontziak

Ordu eta erdiko martxa bat egin dute unionistek Edinburgoko kaleetan. Bideoa: unionisten martxa (Berria).

Martxelo Otamendi -

2014ko irailak 14

Goizeko hamarrak dira, eta Edinburgoko erdiguneko edaritegi batzuetako kanpoaldean hamarnaka lagun garagardoa eskutan daude. Gaupasa egin duenaren aurpegirik ez daukate, bai ordea egun handia espero duenaren hizketa modua. Gero eta jende gehiago ari da biltzen, gehienak Erresuma Batuko banderarekin, batzuk Erresuma Batuko eta Eskoziakoarekin, eta gutxi batzuk Eskoziakoarekin bakarrik.

Herri lanetako langileak hesi mugikorrak ari dira jartzen, eta polizia, zirkulazioa mozten eta desbideratzen. Lehen txilibitu hotsak hurbiltzen ari dira urrutitik, danbor hotsekin batera. Belfast ematen du orangisten martxen egunean; baina hau Edinburgo da, eta ostegunean errefenduma dago Eskoziaren independentziaz erabakitzeko. 

Ezezkoaren aldekoen data garrantzitsua da gaur, Armada Garaitezinaren gerra itsasontzi elektoralak kalera ateratzeko eguna. Eskoziako Orangeko ordeneko martxa banda asko dago, “Eskoziako guztiak etorri dira, baita Ipar Irlandakoak ere, eta Erresuma Batuko asko ere bai”, jakinarazi digu harro martxistetako batek. Orangekoak ez diren bandak ere izan dira martxan, denak elementu komun berekin: unionistak dira, sinbologia britaniarra daramate, eta EZ bozkatzeko eskatu dute. Ehun banda inguru bildu dira, ordu eta erdi iraun duen desfilean.

Gure herriko mitin eta manifestazio faltan, erabat desberdina da hemen kanpaina, Eskoziak Erresuma Batuan segitzea nahi dutenentzat, desfileak dira britainiartasuna adierazteko modurik egokiena.

Denetarik ikusi liteke martxan. AEBetako marineak baino serioago desfilatzen zutenak, Elton Johnek bere garairik ausartenean ere jantziko ez zituzkeen trajeak, Ingalaterrako erreginak gustora eramango lituzkeen sombreroak… Kaspa britaniarraren parke tematikoa, alegia.

Baiezkoak irabaziz gero, egoitza nagusia Eskoziatik kanpora eramateko mehatxua egin berri dute bi banku eskoziarrek. Nago ni, independentziazale askori ez liokeela inportako bi bankuekin batera gaur martxetan irten direnen erdiak Londresen erroldatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna