Katalunian eta Ipar Irlandan lortu zuten

Euskal Herriak lehen asko begiratu zion Ipar Irlandako prozesuari, antzekotasunengatik: borroka armatua, errepresioa, autodeterminazio eskaera... Orain, Eskoziakoari ez ezik, Kataluniakoa begiratzen dio asko: burujabetza prozesua, Espainiako Estatuaren itxikeria... Ipar Irlandan eta Katalunian, alderdi politikoen zereginari so eginda, oso garrantzitsua izan da familia abertzale nagusien akordioa.

enekoitz esnaola
2014ko irailaren 14a
09:11
Entzun

Katalunia

Kataluniako abertzaleen bi esparru nagusiek 2012ko abenduan lortu zuten oinarrizko akordioa erabakitzeko eskubidea eta burujabetzari dagokionez. Generalitatearen gobernabiderako ituna egin zuten CiUk eta ERCk —hauteskundeetako lehen bi indarrek—, bide orri bat finkatuta. Hau zioen hitzarmenak, laburtuz:

⁃ Kataluniako herriaren burujabetza adierazpena onartu.
⁃ Kontsulten legea onartu.
⁃ Espainiako Estatuarekin negoziazio prozesua ireki katalanen erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz.
⁃ Trantsizio nazionalerako Kataluniako Kontseilua sortu, galdeketa prestatzeko. Erabaki eskubidearen aldeko alderdiek, eragile sozial, ekonomiko eta kulturalek, eta «prestigioko» lagunek osatuko dute kontseilua.
⁃ 2013ko bukaerara artean bide formal, juridiko eta instituzional guztiak landu, kontsulta legezko esparru batean egin dadin.
⁃ Galdeketara deitu, Europa barruan Katalunia estatua izateko aukera egoteko.

Iazko abenduan CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPek galdeketaren data eta galderak adostu zituzten: aurtengo azaroaren 9rako jarri zuten data; «nahi duzu Katalunia estatu bihurtzea?» izango da lehen galdera, eta, baiezkotan, bozkatzaileek zehaztu beharko dute estatu hori independentea izatea nahi duten.

Ipar Irlanda

Ipar Irlandan emankorra izan zen abertzaleen artean hautsita zeuden harremanak eraikitzeko John Hume SDLP alderdi laboristeko buruak eta Gerry Adams IRAko kide ohi eta Sinn Feineko presidenteak 1988tik izandako elkarrizketa. Humek irtenbide baterako indarkeriaren antzutasuna azpimarratzen zuen; Adams bake bideak urratzen hasia zen, elkarrizketa tresnatzat hartuta. Biek 1993ko irailean “bake prozesurako akordioa” sinatu zuten —edukiak publiko egiteke—. Dena dela, urte berean aurretik ateratako beste idatzi batean Ipar Irlandako herritarren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten, eta konponbide prozesu baterako unionisten parte hartzea ezinbesteko ikusi.

Hume —orduan SDLP zen Ipar Irlandako alderdi nagusia— eta Adamsen elkarrizketen ondorioz etorri zen, 1993ko abenduan, Erresuma Batuko lehen ministro John Major eta Irlandako Albert Reynoldsek lotutako akordioa: Downing Streeteko adierazpena. Autodeterminazioaren alde azaldu ziren, eta zioten Ipar eta Hego Irlanda batzeko funtsezkoa dela Ipar Irlandako gehiengoak hori nahi izatea. Elkar ulertzea, irtenbidea baketsua izatea, legedian konponbiderako aukerak urratzea eta elkarrizketetan parte hartzeko indarkeria uztea ezinbesteko jo zituzten Majorrek eta Reynoldsek.

1994ko abuztuan IRAk baldintzarik gabeko su-eten iraunkorra eman zuen —1996ko otsailean hautsi egin bazuen ere, 1997ko uztailean berriro aldarrikatu zuen, azkenerako behin betikoa izango zena—, eta 1998ko apirilean heldu zen bake prozesu eta normalizazio politikorako akordio erabakigarria: Stormont edo Ostiral Santuko hitzarmena. Erresuma Batuko eta Hego Irlandako gobernuek sinatu zuten, eta Ipar Irlandako alderdi nagusi gehienek berretsi. Hitzarmenak jaso zuena: bide baketsu eta demokratikoekiko konpromisoa, herritarren gehiengoaren erabakiari errespetua, presoen kaleratzea, desarmatzeak, Ipar Irlandako Parlamentuaren sorrera...



---
Artikulu nagusia: 'EAJ-ezker abertzalea, etxean ezin konpondu'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.