pse-ee

Mendia izango da PSEko idazkari nagusi berria, %60ko babesarekin

Alderdiarentzat «garai berri bat» hasi dela nabarmendu du Lopezen ondorengoak. Mikel Torresek irabazi du Bizkaian, eta Cristina Rodriguezek Araban. Iñaki Arriolak jarraituko du Gipuzkoan.

Idoia Mendia, botoa ematen. /
Idoia Mendia, botoa ematen. / Alfredo Aldai/Efe

H.Iruretagoiena-L. Amatria -

2014ko irailak 17

Alderdiko buru izateko hautagai bakarra egonik, sorpresarako tarterik ez du utzi gaurko bozketak, Mendiaren hautagaitzari dagokionez behinik behin: 3.239 boto jaso ditu, eta bera da, behin-behinean, PSE-EEko idazkari nagusi berria —osteguneko 14:00 arteko tartea dago Etika Batzordean helegiteak aurkezteko—. PSEk dituen 5.351 afiliatuek zuten botoa emateko aukera, eta, hautagaitza aurkezterako, 2.239 abal erakutsi zituen.

5.351 afiliatuek 70 bozkalekutan izan dute babesa adierazteko aukera, egun osoan. 20:00etan itxi dira hautetsontziak. Behin betiko parte hartzea %70,21ekoa izan da bozketarako ireki dituzten 70 zentroetan. Lurraldeka, Gipuzkoan parte hartzea %81,91koa izan da; Bizkaian, %63,65ekoa; eta Araban, %70,82koa.

Lehen uneko balorazioa egin du Mendiak berak Bilbon, PSEren egoitza nagusian. Alderdikideak zoriondu ditu, eta PSE-EErentzat "garai berri bat" hasi dela esan: "Alderdia biziberritzea izango da nire zeregina".

Kongresua, 20 eta 21ean

Ofizialki, bihar izendatuko dute PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, behin-behinean. Etzi helegiteak aurkezteko tartea utzi, eta ostiralean izango da behin betiko datuen onarpena. Larunbat eta igandean egingo du alderdiak ezohiko kongresua. Larunbatean berretsiko da Mendia alderdiko buru gisa, eta lehen hitzaldia egingo du jarraian. Aurrez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi berriak eta Idoia Mendiari lekua utziko dion Patxi Lopezek ere hitzaldi bana egingo dute.

PSEren zuzendaritza osatzeko proposamenak larunbatean bertan egingo dira, eta igandean bozkaketa. Hori bai: Kongresuan ez dute militante guztiek parte hartuko. 302 delegatuk izango dute botoa emateko aukera: Arabako 39k, Gipuzkoako 96k, Bizkaiko 158k, EGAZ gazte erakundeko zazpik, eta Agrupacion Asociada taldeko bik. Militante kopuruei dagokienez, 753 ditu Arabak, 1.602 Gipuzkoak, eta 2.892 Bizkaiak.

Lurraldeetakoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak aukeratzeko bozketak ere gaur egin dira. Gipuzkoako botaketak Mendiaren hautaketak adina tarte utziko die sorpresei. Egun ere idazkari nagusi den Iñaki Arriola da hautagai bakarra, eta militanteen %60ren abalak aurkeztu zituen hautagaitzarekin. Egonkortuta dagoen buruzagia da, eta beste inork ez du aurkeztu bere burua haren lekua hartzeko.

Bina hautagai lehiatu dira Araban eta Bizkaian: Araban, Cristina Gonzalez nagusitu zaio Ivan Ruiz de Egilazi, eta Bizkaian, Mikel Torres Iñaki Egañari. Aurkeztutako abalei dagokienez, Gonzalezek aise gainditu zuen Ruiz de Egilazen kopurua, eta Torresek Egañarena. Nabarmentzekoa da lehiakideak izan diren bi herrialde horietan ere eztabaida inguratu duen giro lasaia. Liskarrik ez da plazaratu, eta hautagaiak aurrez aurreko eztabaida publikoak egin dituzte itxurak gordeta.

Herrialdeetako prozedurek ere PSE osokoaren egutegi bera izango dute, kongresuan ez beste guztian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PSEren ezohiko kongresuak irailaren 27an egingo dira, bakoitza bere lurraldean, alderdiaren kongresu nagusia egin eta astebetera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna