abortua

Udazkenera, erreformarik gabe

Emandako hitza ez dutela beteko aitortu du Espainiako Gobernuko Justizia ministroak; atzeratu egingo dute abortuari buruzko lege berria. Argibide gehiago datorren astean ematekoa dela azaldu du.

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroa. /
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroa. / SERGIO BARRENECHEA/EFE

Arantxa Iraola -

2014ko irailak 17

Espainiako Gobernuak atzeratu egin du abortuaren erreforma. Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministro eta erreformaren bultzatzaileak berak gaur aitortu du ez dutela onartuko, eta ikusteko dago atzeratzeaz gain bertan behera ez ote den geratuko. El Mundo egunkariak aurreko astean aurreratu zuen gobernuak ez zuela erreforma onartuko, eta azaldu zuen PPren barruan ere badirela kontra daudenak. 

"Ez dago proiektuaren gaineko adostasunik, eta akordiorik lortzen ez bada —zaila dirudi—, legea ez da onartuko", argitaratu zuen kazeta horrek. Sobra ere, erreformak PPri kalte handia egin diolakoan daude PPn, eta uste dute hurrengo urteko hauteskundeetan are eta kalte handiagoa egin diezaiokeela alderdiari. Gallardonek argudiatu du Espainiako Gobernuak Kataluniako prozesu subiranistaren gainean jarri nahi duela buru-belarri, eta egunotan "egiteko" horretan ariko direla adierazi du.

Europa Pressen gosari informatibo baten aurretik egindako adierazpenetan esan du Kataluniako gaia "aste honetan" bukatuko dela "ziur aski", eta hurrengo astean abortuaren erreformaren gaineko azalpenak emateko konpromisoa hartu du.

"Helegite bat edo bi", Katalunia dela eta

Kataluniako prozesua dela eta, aste honetan Espainiako Auzitegi Konstituzionalean "helegite bat edo bi" jarri beharko dituztela uste du Ruiz-Gallardonek. Aitzakia horrekin azaldu du abortuaren erreformaren atzerapena. Uztailerako prest zegoen lege proiektua, eta Justizia ministroak udan iragarri zuen udazkena baino lehen onartuko zutela, eta uda irailaren 21ean amaitzen dela. Beraz, ostiral honetako ministro kontseiluan behar zuen gobernuak erreforma hori onartu.

Erreformak, ordea, erantzun handia jaso du kalean eta beste erakundeetan, eta atzeratuz joan da. Eusko Jaurlaritzak abortuaren erreforma bertan behera uzteko eskatu zuen uztailean, beste lau autonomia erkidegoek ere bai, eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordeak ere gauza bera galdegin zuen. Baionan ere egin zuten protesta Espainiako kontsulatuaren aurrean. 

Emakumeen Egunean ere protesten ardatz izan zen aurten abortuaren erreforma. Martxoan, gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPren kongresua eten egin zuten lau ekintzailek, Donostian, "abortua libre" oihukatuz. "Aurrean izango gaituztela adierazi nahi genion Rajoyri", azaldu zuten gero BERRIAn lau emakume horiek. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna