kataluniako prozesu subiranista

Batasunari eutsi diote Katalunian

Galdeketa "berme demokratiko ororekin" egitea adostu dute CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek. Kataluniako Gobernuan sartzeko prest agertu da ERC, kontsulta egin dadila bermatzeko.

Oriol Junqueras, artxiboko irudi batean. /
Oriol Junqueras, artxiboko irudi batean. / ALEJANDRO GARCIA/EFE

Oihan Vitoria -

2014ko irailak 16

Oriol Junquerasek eskaintza bat egin dio Artur Mas Kataluniako presidenteari: azaroaren 9ko galdeketa "blindatu" eta kontsulta egin dadin bermatzeko, gobernuan egon nahi du ERCk. Masek hala nahiko balu alderdia gobernuaren parte izango litzatekeela adierazi du Junquerasek. Masek eskaintza egin izana eskertu dio, eta hitz egiteko prest agertu da; hala ere, uste du kontsulta "blindatuta" dagoela.

Politika orokorreko eztabaidan mintzatu da Junqueras, Kataluniako Parlamentuan. Haren arabera, galdeketa "ahalik eta berme demokratiko gehienekin" egin behar da, eta berme horiek gobernuak, parlamentuak eta herritarrek jarri behar dituzte.

Junquerasen ustetan, galdeketa da eskura duten "tresnarik onena", alderdien eta herritarren artean "batasun gehien" eragiten duen bidea delako.

Espainiako Gobernuko Atzerri ministroa ere mintzatu da galdeketaz. Jose Manuel Garcia Margallok ziurtatu du gobernuak legeak baimentzen dizkion tresna guztiak erabiliko dituela kontsulta egin ez dadin. Margallok ez du baztertu Kataluniako autonomia bertan behera uztea, galdeketa saihesteko.


 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna