Gobernu berria Frantzian

Babesa bai, baina ez osoa

Frantziako Asanblea Nazionalak Vallsen gobernua babestu du, baina ez gehiengo osoz. Gobernuaren bide ekonomikoarekin ados ez dauden PSko 31 diputatu abstenitu egin dira.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa, atzo, Asanblea Nazionalean, gobernuaren politika orokorra azaltzen.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa, atzo, Asanblea Nazionalean, gobernuaren politika orokorra azaltzen. IAN LANGSDON / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 17

Frantziako Asanblea Nazionalari konfiantza botoa eskatu dio Manuel Valls lehen ministroak,  bigarren aldiz bost hilabetean. Iragan apirilean bezala, legebiltzarrak babesa eman dio. Haatik, lan gehiago izan du oraingoan legebiltzarkideen babesa lortzeko. Nahiz eta PSk gehiengo osoa izan —289 diputatu—,  31 kidek bizkarra eman diote gobernuari hartutako norabide ekonomiko liberalagoa dela eta. Ekologistak ere abstenitu egin dira.
Ezkerrari keinua egin dio Vallsek bozkaketa aurreko hitzaldian: gutxieneko pentsioak 800 eurotara igoko ditu —792 eurokoa da orain gutxienekoa—. Halaber, hilean 1.200 euro baino gutxiago jasotzen duten pentsionistek sari gehigarri bat izango dute. Horrez gain, gobernuburuak adierazi du asteko 35 orduak, gutxiengo soldata eta funtzionarioen soldatak bere horretan utziko dituztela. "Erreformak egitea ez du esan nahi ongizatea suntsitzea". Legebiltzarreko gehiengoari zuzendu zaio: "Indartsuago da batzen gaituena desberdintzen gaituena baino. Erreformak egiteko ausardia dugun ezkerra gara".

Vallsek osatutako gobernu berriak ez zuen Asanblearen aurrean konfiantza botoa eskatzeko beharrik. Inkestetan hondoa jota, François Hollande presidentearen antzera, 2017ra arte irauteko zilegitasuna eta indarra jaso nahi izan du horrela. Frantziako Legebiltzarrari zor dion "koherentzia, gardentasuna eta zintzotasuna" nabarmendu  du. "Frantziarentzako une garrantzitsua da, eta zuen onespenaren bila etorri naiz, gure jardunarekin jarraitzeko". Mundua astintzen duten gatazka nagusiak zerrendatu ondoren, Frantziak sufritzen duen “terrorismoaren mehatxua” gogoratu du. Testuinguru horretan, adierazi du “nazioaren batasuna” ezinbestekoa dela.

Krisi ekonomikoa ere hizpide izan du legebiltzarkideen aurrean. "Ulertzen ditut zalantzak eta haserreak langabeziak tasa altuak direnean”. Krisi horri aurre egiteko, "gastu publikoaren bilakaera kontrolatu" nahi du, eta Frantziako hazkundea berpiztu. “Gure ekonomiaren ahultasun nagusia da gure enpresen lehiakortasun falta. Enpresak dira aberastasuna sortzen dutenak”. Ekonomia sendotzeko hartutako neurriak beharrezkotzat ditu Vallsek, PS alderdian bertan horrenbeste desadostasun sortu dituen horiexek: 50.000 milioi euro murriztea hurrengo hiru urtean, eta enpresek gizarte sekurantzari egiten dioten ekarpena 40.000 milioi eurotan jaistea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna