Kataluniako prozesu subiranista

CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek kontsultari eustea adostu dute "marko legalen barnean"

Artur Mas Kataluniako presidenteari eskatu diote kontsulta "berme demokratiko posible guztiekin" egiteko.

CiU, ERC, ICV eta CUPeko ordezkariak, joan den abenduaren 12an, galdeketarako eguna eta galderak adostu zituztenean. /
CiU, ERC, ICV eta CUPeko ordezkariak, joan den abenduaren 12an, galdeketarako eguna eta galderak adostu zituztenean. / Alejandro Garcia/Efe

Berria -

2014ko irailak 16

Katalunian burujabetzaren inguruko kontsultaren alde dauden alderdiek ebazpenerako proposamen bateratu bat aurkeztuko dute bihar parlamentuan, Kataluniako hedabideek argitaratu dutenez. Politika orokorraren inguruko debatean aurkeztuko den ebazpen nagusia izango da. Bertan, lau alderdiek kontsulta azaroaren 9an egiteko konpromisoari eutsiko diote, bi baldintza nagusirekin: "marko legalen barnean" egitea, eta "berme demokratiko posible guztiekin". Termino horien inguruan zehaztasun gehiago ez dute eman, oraingoz.

CiUk, ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek adierazi dute 2013an Kataluniako Parlamentuak egindako burujabetza adierazpenak indarrean segitzen duela, eta horrek markatutako printzipioak jarraituko dituela "prozesu demokratikoak". 

Lau alderdiek diotenez, Berme Estatutarioen Kontseiluak ebatzi du Kataluniako kontsulta legearen artikulu guztiak "konstituzionalak eta estatutarioak" direla, eta diote, halaber, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak burujabetzaren inguruko sententzian ez duela kontsulta debekatzen. "Argudio juridiko nahikoak badaude kontsulta deitzeko beharrezko egitura juridikoa osatzeko, era esplizituan onartzen baitute printzipio demokratikoa".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna