KataLUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Kontsulta legea onartu du Kataluniako Parlamentuak, babes zabalarekin

Aldeko 106 boto eta aurkako 28 izan dira bozketan.

Artur Mas, parlamentuak kontsulta legea onartu ondoren. /
Artur Mas, parlamentuak kontsulta legea onartu ondoren. / Alberto Estevez/EFE

Berria -

2014ko irailak 19

Espero bezala, CiU, ERC, PSC, ICV eta CUPen aldeko botoekin atera da aurrera —aurka agertu dira Kataluniako PP eta Ciutadans—. Zutik eta txaloka hartu du erabakia parlamentuaren gehiengoak. Artur Mas presidenteak azaroaren 9ko galdeketara deitu ahal izateko babes legala izango da —lehenik Kataluniako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da testua—. Kontsultarako deialdia "hurrengo ordu edo egunetan" egitea espero dute.

Bozketaren ondoren, Joana Ortega presidenteordeak legeak jasotako "babes zabala" nabarmendu du, baita alderdi guztiek adostasunaren bidean egindako lana ere. "Egun historikoa da, garrantzitsua gure herrialdearentzako".

Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko ordezkariaren arabera, "egun tristea da demokraziarentzat eta espainiarrentzat". Erreferenduma "legez kanpokoa" dela berretsi du, eta legea "konstituzioaren kontrakoa" dela. "Espainiar guztien etorkizuna espainiar guztiek erabaki behar dute". Haren ustetan, prozesuak "banandu" egin du gizartea. "Masek galdeketara deitzen badu, akats historikoa egingo du".

Saioa hasi aurretik, Kataluniako Biltzar Nazionalak babesa adierazi die kontsulta legea onartuko duten diputatuei. Bilkura egin du eraikinaren atarian, saioa hasi baino ordu erdi lehenago.

Parlamentuak galdeketaren alde bozkatu zuen asteartean legearen inguruan egin zuten eztabaidan, eta legebiltzarraren %65en babesarekin indartuta atera zen ekimena.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsulta debekatuz gero, CUPek desobedientzia egitea proposatu zuen, baina beste inork ez zuen eskaera hori babestu. ERCk argudiatu zuen debekatuz gero, NBEra joko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna