Alex Salmondek Eskoziako lehen ministro kargua utziko du azaroan

Dimisioaren berri eman du. SNPren buru izateari ere utzi egingo dio. Alderdiaren batzarrean utziko du kargua.

Alex Salmond, dimisioa emango duela iragarri duen agerraldian. /
Alex Salmond, dimisioa emango duela iragarri duen agerraldian. / EFE

Berria -

2014ko irailak 19

Eskoziako erreferendumean ezetza gailendu ondoren hartu du erabakia Salmondek, gaur goizean. Ordu batzuk geroago egindako adierazpenetan esan duenez, lidergo berriak "on" egingo die SNPri eta Eskoziari, Londresekin negoziatzeko garaian. Lehen ministro karguan egotea "pribilegioa" izan da harentzat. Argitu du ez duela politika uzteko asmorik; aurrerantzean "baliagarriak" diren gauzak egin ditzakeela uste du.

Erreferendumean Yes Scotland kanpainak jasotako babesaz "harro" agertu da, baita bozketan izan den parte hartze handiaz ere. "Erreferendumeko botoa galdu dugu, baina Eskoziak oraindik iniziatiba politikoa eraman dezake". Gaineratu duenez, "kanpainak aurrera darrai", eta "ametsa ez da inoiz hilko". Twitter bidez zabaldu du ondoren Salmondek bere adierazpena.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistak berez urrian zuen egitekoa aurtengo alderdiaren batzarra, baina, galdeketa dela eta, azarora arte atzeratu zuten —hilaren 13tik 15era izango da—. Orduan utziko du kargua Salmondek.

Eskoziarrek gehiengo osoz aukeratu zuten lehen ministro kargurako, eta 2016. urtera arte eman zioten konfiantza. Urte horretan dira Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak; laboristek egungo egoera iraultzen ez badute, SNP izango da irabazteko faborito.

Une honetan, Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuaren lehen ministrordea da Salmonden atzetik alderdiaren ikur nagusia, baina batzarrean beste lider batzuk ager daitezke.

Erabaki txarra 1979an

SNP alderdia nahikoa irregularra izan da azken 35 urteetan hauteskundeetan; jaso duen babesa asko aldatu da hauteskunde batzuetatik besteera. 1970eko hamarkadaren amaieran oso ondo kokatuta egon zen bozetan. 1974ko Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeetan, botoen %30,4 eskuratu zituen.

1979. urtean, ordea, autonomia gehiago izateko erreferenduma galdu ostean, laboristek liberal demokraten babesarekin osatutako gobernuaren kontrako zentsura mozioa onartu zuen. Hurrengo hauteskundeetan Margaret Thatcherrek irabazi zuen, eta hondoratu egin zen SNP, batez ere, Westminsterreko Parlamenturako bozetan.

Goizean, emaitzaren lehen balorazioa

Salmondek goizean goiz egin du erreferendumaren osteko lehen balorazioa. Eskertu egin ditu independentziaren aldeko 1,6 milioi botoak, eta nabarmendu %86ko parte hartzea "prozesu demokratikoaren garaipena" izan dela. "Denok izan gara une historiko honetako partaide. Baiezkoaren aldeko kanpainarekin bat egin du inoiz politikagintzan aritu ez den jendeak. Honen ostean ezer ez da berdin izango. Westminster bera ere izutu egin da ohartu denean zein neurritakoa den euren aurkako sentimendua. Orain aurrera jarraitu behar dugu nazio gisa".

Dena den, Salmondek onartu du gehiengoak ezezkoa eman diola. Horiek hala, emaitza errespetatzeko eskatu die eskoziarrei, eta Eskoziari hitzemandako eskuduntzei buruz ere galdetu die Erresuma Batuko laboristei. "Alderdi unionistek promesak egin dituzte. Martxoan Eskoziaren eskumenak aztertuko dituztela iragarri dute. Eskozioarrok espero dugu euren hitza beteko dutela".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna