Ukraina

Bake plana hitzartu dute Kievek eta Moskuk

Adostutako puntuen artean daude 30 kilometroko segurtasun eremua ezartzea eta "atzerriko mertzenarioak" erretiratzea.

Errusiako enbaxadore Mikhail Zurabov eta Ukrainako presidente ohi Leonid Kuchma, gaur, Minsken.
Errusiako enbaxadore Mikhail Zurabov eta Ukrainako presidente ohi Leonid Kuchma, gaur, Minsken. STR / EFE

Berria -

2014ko irailak 20

Azkenean ere Minskeko elkarrizketek arrakasta lortu dute. Ukraina eta Errusiako ordezkaritzek gaur goizean jakinarazi dutenez, bederatzi puntuko hitzarmena adostu dute bi aldeek. Besteak beste, alde bakoitzak 15 kilometro atzera eraman beharko ditu armak, 30 kilometroko segurtasun eremua sortuz; aireko militarrek ezin izango dute segurtasun eremutik igaro; nazioarteko begirale taldeari ateak zabalduko dizkiote; eta "atzerriko mertzenarioak" erretiratuko dituzte.

Hitzarmenetik kanpo geratu dira, hala ere, matxino errusiazaleen kontrolpean dauden Luhansk eta Donetsken estatusak. Hain zuzen ere, aste honetan bertan Ukrainako Parlamentuak lege proposamen bat onartu du bi hiri horiei "autonomia handiagoa" emateko.

Irailaren 5ean hitzartu zuten su-etena bi aldeek, eta indarrean da geroztik, nahiz eta tartean behin alde batek edo besteak hura urratu. Hain zuzen, gaur bertan hiru leherketa entzun dira errebeldeen menpeko Donetsk hirian. Lekukoen arabera, enpresa kimiko baten aurkakoa izan da erasoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna