Kataluniako prozesu subiranista

Masek iragarri du aste honetan deituko duela kontsultara

Kataluniako presidenteak Madrili eskatu dio ez dezala erabil konstituzioa "Kataluniako herria isilarazteko".

Artur Mas Parlamentutik irteten, artxiboko irudi batean.
Artur Mas Parlamentutik irteten, artxiboko irudi batean. Alberto Estevez / EFE

Berria -

2014ko irailak 22

Artur Mas Kataluniako presidenteak ez du data jakinik eman, eta, beraz, Madrilek oraindik ere zain egon beharko du kontsulta geldiarazteko helegiteak jartzeko. Hala ere, atzo iragarri zuen "datozen egunetan" deituko duela erreferendumera. Cardonan (Bartzelona) eginiko agerraldian esan zituen hitzok Generalitateko buruak.

Bide beretik, Madrili ohartarazi zion ez dezala erabil konstituzioa "Kataluniako herria isilarazteko, hari hitza emateko baizik". "Arrazoi demokratikoa gure alde dago. Irmotasun eta trebetasunez jokatzeko garaia da orain".

Dena den, Generalitatea ez da egon Masek dekretua sinatu zain kanpaina prestatzen hasteko, alderantziz baizik. Bartzelonan dena prest dute Masek galdeketara deitzen duenerako. Dekretua indarrean sartzen den une berean hasiko dute kanpaina eta jakinaraziko dituzte azaroaren 9an zein bi galdera egingo diren.

Horrez gain, dekretuak kanpainaren denbora mugak zehaztuko ditu, eta baita galdeketa egiteko beharko diren azpiegiturak ere. Jada laurehundik gora udal agertu dira Generalitateari prestaketa horietan laguntzeko prest.

Oharrak Madrildik

Espainian, ordea, giroa garraztuz doa galdeketaren eguna gerturatu ahala. Atzo bertan, Pedro Sanchez sozialisten buruak gogor kritikatu zuen Masen iragarpena: "Zentzugabekeria hutsa da presidente batek gizartea banatzea herritarrak espainiar eta katalan izatearen artean aukeratzera derrigortuz".

UPDko buru Rosa Diezek, berriz, ohartarazi dio kontsultara deitzeko esperantzak bazterrean uzteko, "zuzenbide estatuak irabaziko duelako ororen gainetik".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna