Donostiako Zinemaldia

Harrera beroa jaso du 'Loreak' filmak

Joxe Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako film hori Sail Ofizialean aurkeztu dute gaur.

Loreak filmeko zuzendari eta aktoreak, Donostian. /
Loreak filmeko zuzendari eta aktoreak, Donostian. / Jon Urbe/ARP

Mikel Lizarralde -

2014ko irailak 23

Aurreneko aldiz, euskara hutsez filmatutako lan bat da aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehian: Loreak. Joxe Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendu dute filma, eta gaur goizean aurkeztu dute Kursaaleko auditoriumean; txaloka hartu dute ikusleek.

Izenburuak dioen bezala, loreak dira filmaren leitmotiv-a. Ezezagun baten loreak jasotzen ditu astero-astero Anek (Nagore Aranburu), eta loreak jartzen ditu Terek (Itziar Aizpuru) Beñat semea (Josean Bengoetxea) auto istripuz hildako lekuan ere. Lourdesek, Beñaten emazteak (Itziar Ituño) osatzen du filmeko trama guztiak harilkatzen dituen triangelua.

Bi zuzendariek gaur goizean azaldu dutenez, filmarekin hainbat generotara hurbildu nahi izan dute. Izan ere, dramarekin batera, suspensea ere gordetzen du filmak. "Kontzeptu eta genero nahasketa interesatzen zitzaigun", adierazi du Goenagak.

Emakumeak dira filmaren ardatza, eta horrek zailtasun berezirik ekarri dien galdetuta, ez diote garrantzi berezirik eman nahi izan. "Ez dugu esfortzu berezirik egin behar izan. Naturaltasunez egin dugu". Hain zuzen ere, bi zuzendariek elkarrekin egindako aurreko film luzeak ere (80 egunean) bi emakume zituen protagonista.

Euskaraz egin zuten 80 egunean filma, eta euskaraz filmatu dute Loreak ere. "Naturaltasunez", bi zuzendariek aitortuta. "80 egunean prestatzen hasi ginenean, elebiduna izatea zen hasierako asmoa. Baina finantzaketa kontuengatik, azkenean, euskara hutsez egin genuen. Hau natural-natural etorri da". Goenagak eta Garañok uste dute euskarazko filma izateak zaildu egingo duela Espainiako merkatuan banatzea, baina ez diote ikusten arazorik beste herrialde batzuetara iristeko. Izan ere, Garañok eta Goenagak diote Loreak filmak kontatzen duen istorioa "unibertsala" dela Euskal Herrian oso kokatua egon arren

Filma gaur gaueko hamarretan emango dute berriro Kursaaleko auditoriumean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna