Natxo Urkixo

"Legea baino gehiago betetzera behartu gaituzte"

Laudioko udaletxeko teilatuan da Espainiako bandera, baina ikurrak "ohorezko lekuan" egon behar duela berretsi du Gasteizko Auzitegiko epaile batek; jarri ezean, desobedientzia dalitua egotz dioezaiokete Natxo Urkixo Laudioko alkateari.

Natxo Urkixo Laudioko alkatea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Anakoz Amenabar.
2014ko irailaren 26a
18:54
Entzun

Agintaldia amaitu aurretik, bederatzi hilabeteko lana du Natxo Urkixok (Laudio, 1960). Herriko egitasmo handiekin batera, baina, Espainiako banderaren inguruko auzia argitu beharko du hurrengo asteetan; Gasteizko epaitegi baten aginduz, bandera udaletxeko balkoian jarri behar dute.

Ikasturte berriarekin batera heldu da albistea: Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzeko agindua.

Magistratuak ardura guztia nire gain utzi du. Azken eskakizunaren arabera, bandera balkoian ipintzera behartzen gaituzte. Orain teilatuan daude banderak, erlojuaren bi aldeetan, eta gure ustez, hor goian egonik, erabat betetzen dugu legea. Eskakizun horrekin, beraz, legeak agintzen duen baino gehiago betetzera behartzen gaituzte; balkoian izan behar du, erdigunean eta eurek jarritako neurriekin. Madrilgo Kongresuan banderak teilatuan daude, Arabako Diputazioan ere antzera, Bilbokoan ere bai... Zergatik tematu dira Laudiorekin? Motibazio pertsonal politikoa antzeman dezaket, besterik gabe. Carlos Urkijok berak, bertoko zinegotzia zela, aipatzen zuen bandera balkoi erdian jarri behar zela; hark aurkeztutako mozioa atzera bota, eta auzitara jo zuen azkenik. Eta, hain zuzen, mozio hartan jartzen zuena betetzera behartzen gaituzte; hor erabaki politiko bat dago, inposizio bat, nahiz eta magistratu batek eman duen.

Ikurrina izan da balkoian orain gutxi arte.

Udaberrian kentzea erabaki genuen, prozesu judiziala abiatuta; balkoian izanik, nagusitasuna hark duela eman lezake, eta interpretazio horrekin bat egin dezaket.

Zer egin erabaki duzue?

Ez dakigu zer egingo dugun. Herri mugimenduen batzar bat izan da zer egin erabakitzeko; proposatu dute agerian utzi behar dugula hau inposizioa dela, ez dela herri honen nahia eta aginduaren kontra gaudela. Gero, ikusiko dugu nola beteko dugun; ni ziur naiz orain arte ere betetzen genuela. Jarri ezean, isuna ordaindu, edo alkatea kargutik kentzeko aukera ere egon daiteke.

Kargua uzteko prest al zaude?

Niri ez zait aulkia itsasten, min handiagoa emango lidake isuna ordaindu behar izateak. Hurrengo egunetan erabakiko dugu zer eta nola egin.

Hurrengo egunetan hasiko dira, era berean, Latiorroko tunelaren lanak.

Latiorro eta erdigunea lotzen dituen tunelaren egokitzapen lana da esku artean dugun obrarik handiena. Arabako Aldundiaren laguntzarekin egingo dugu, eta 1,6 milioi euroko aurrekontua du. Beharrezko kontratua egin ostean, urrian hasteko moduan egongo da sei hilabeteko lana.

Beste obrarik ba al da abian Laudion?

Kale Nagusian argiak berritzen ari gara, Led argiak jartzen, kontsumo baxuagokoak. Alberto Acero plazan ere lanak egiten ari gara, bertako hormak bota eta umeentzako txoko moduan jartzeko, eta Iturralden eta Ugarteko plazan ere badira lanak.

Lamuza parkea eta bertako eraikinak "hondatzen uztea" leporatu dizue Javier de Andres ahaldun nagusiak.

Norbaitek etxe bat alokatzen duenean, etxeko konponketa arruntak norberak konpondu behar ditu; baina zuk alokatu duzun etxeak azpiegitura arazoren bat badu, zeinek konpondu behar du? Halakoetan, jabeak, eta jabea kasu honetan diputazioa da. Parkean bada eraikin bat, herriko musika taldeek entseatzen zuten lekua, eta matxura batzuk izan ditu aurten; diputazioarekin negoziatu ondoren, konpromisoa hartu du berriz eraiki eta erabiltzeko. Bestalde, Aldaikorreka dugu, goitik behera parkea zeharkatzen duen erreka; txukuntze plan bat ere aurreikusita dago 2015erako.

Zein erabilera emango zaio Lamuzako eraikinari?

Herritarrek erabaki beharko dute nola eta zertarako erabili. Arabako Aldundia konturatu da Laudio eta Aiara nahiko ahaztuak dituela, eta interesa omen dauka plazan egun duen bulego txiki horretan eskaintzen duten baino zerbitzu handiagoa eskaintzeko. Dena den, urrian dugu hitzordu bat ahaldun nagusiarekin eta orduan hitz egingo dugu ditugun asmoez.

Lehen bi urteetan auzo batzarren bitartez erabaki zenuten herriko obren eta egitasmoen arteko lehentasunak. Horiek berriz egingo dituzue?

Berriz aktibatu nahi ditugu batzar horiek. Abenduaren lehendabiziko asteetarako, ahal bada, beste batzar ziklo bat egin nahi dugu: 7-8 bilera auzo guztietan. Herritarrek aukera izango dute politikarioi euren ekarpenak egin edota kritika egiteko. Lehen bi urteetako eskaerak betetzen saiatu gara.

Garai ekonomiko onean dago Laudioko Udala?

Orain ondo dabil; ez dauka zorrik. Adituek diote krisiaren amaieran gaudela, datorren urterako aurreikuspenak onak direla… Tira, nik hori heldu arte, behintzat, ez dut jakingo. Dena den, krisi honetan sartu ginen zorrik gabe; udalak ez zuen zorrik, eta gastu sozialean gehiago inbertitu dugu, eta kulturan. Aurrekontua ez dugu handitu, baina ezta txikitu ere. Esfortzu handia egin dugu, eta esan dezakegu txarto ez gaudela, behintzat.

Gastu sozialari eutsiko diozue?

Udalak konpromiso bat hartu zuen agintaldi hasieran, eta oraindik mantentzen dugu: ahal den neurrian, gastuari eutsi egingo zaio, eta beste batzuetan, handitu egingo du. Hau da, gainerako erakundeetan jaisten badira kopuru horiek, udala hori konpentsatzen ahaleginduko da gure bitartekoak erabiliz. Demagun Jaurlaritzak familientzako kontziliazio laguntzak bertan behera uzten dituela diru faltagatik, bada, Laudion halako kasuren bat baldin badago saiatuko gara konpentsatzen, jasotzen zuena berdintzen.

Ekonomia sustatzeko egitasmorik prest al duzue hurrengo hilabeteetarako?

Sustapen ekonomikoari dagokionez, 2010ean garapen agentzia bat eratu zen Laudion, eta nolabait garatu gabe zegoen; hori garatzen saiatu gara, enpresei hainbat laguntza ematen, kudeaketarako edota elkarren artean harremanetan jartzeko. Enpresa haztegi bat ere abian jarriko dugu laster, urrian ziurrenik, hainbat enpresak interesa dutelako halako egitasmo batean sartzeko. Euren esku bulego bat eta gutxieneko baliabide batzuk jarriko ditugu, aspaldi batean Aceros enpresa zegoen tokian; eskaera batzuk jaso ditugu, eta irrikitan daude hasteko.

Lan gatazken artean, Gometegui enpresaren izan da azkena. Harremanik izan al duzue enpresako kideekin?

Harreman bakarra bertako langile batzordearekin izan da, arazoa zertan den azaldu digute, eta, antza, deslokalizazio prozesu bat omen dago abian. Haiekin izan ostean, enpresako buruekin izango dugu elkarrizketa, euren ikuspuntua eman diezaguten; ikusiko dugu gauzak konpontzeko bitartekari moduan ari gaitezkeen. Esperientzia badugu horretan; batzuetan ona, Guardian enpresarekin gertatu zen bezala; greba luze baten ondoren, guztion esfortzuari esker, enpresa mantendu eta sustatzea lortu genuen. Lip enpresarekin, aldiz, ezin izan genuen ezer egin, jabeek ixteko borondate irmoa zutelako. Kasu honetan ez naiz ausartzen iritzi bat ematera, oraindik soilik alde bateko ikuspuntua dugulako.

Aiaraldea atarian Laudioko antzerkigile batek esan du herrian kultur mugimendua badela baina udala ez doala mugimendu horrekin bat.

Tira, iritzi bat da hori. 2013an prozesu bat hasi genuen, diru laguntzen sistema arautzeko, eta 2014an, gaur egungo eskaintza kulturalaren azterketa bat egin genuen; gure helburua plan bat osatzea da. Uda baino lehen jaso genituen emaitzak, eta geratzen diren bederatzi hilabeteetarako erronketako bat plan hori diseinatzea izango da, ahalik eta adostasun handienarekin, etorkizunean ere planak bidea egin dezan. Bestalde, diru laguntzak jasotzeko prozesua ere aldatu dugu, eta aurrerantzean, ohiko laguntzekin batera ezohiko deialdiek ere izango dute lekua. Mugimendu kulturala mantentzearekin batera zer gehiago eskaini diezaiokegu herriari? Hori da guk geure buruari egiten diogun galdera, eta hori izan daiteke modu bat.

Hurrengo legealdirako hauteskundeetan aurkezteko asmorik ba al duzu?

Ni izango naiz erabaki hori hartzen azkena. Kolektibo baten izenean nago hemen, eta eurek ebaluatu eta erabakiko dute proposamena egin ala ez. Nik, neure aldetik, momentuaren arabera gauza ezberdin bat esango nizuke: egun batzuetan, dena pikutara bidaliko nuke, eta beste batzuetan, gozo biziz jarraitu nahi dut proiektuak aurrera ateratzeko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.